
Mendata Ezagutuz mendi martxak hamabost urte beteko ditu domekan, eta berritasunekin ospatuko dute antolatzaileek. Mendatakoa eskualdeko martxarik zaharrenetakoa da, eta urtero-urtero ehunka lagun batzen ditu.
Aitor Petralanda antolakuntza taldeko kideak jakinarazi duenez, “aurten ere, jendetza elkartuko da herriko mugetatik ibilaldia egiteko”. Dagoeneko, 464 lagunek eman dute izena hiru martxetako baten parte hartzeko, eta 36 lagunek maratoirako. Petralandak nabarmendu duenez, internet bidez izena emateko epea zarratu egin dute. Hala ere, garaiz ibili ez direnak probaren egunean bertan apuntatu ahalko dira.
Antolakuntza taldeko kidearen berbetan, martxetan 600 mendizalek parte hartu dezakete gehienez, eta maratoian 100 korrikalarik. Kopuru hori gainditzean ez dituzte izen emate gehiago onartuko. Izen ematea gutxienez ordu bete lehenago egitea gomendatu dute antolatzaileek.
Interesatuek 28 euro ordaindu beharko dituzte apuntatzerakoan. Parte hartzaileek diploma eta kamiseta bana jasoko dituzte, eta herri bazkarian parte hartzeko aukera izango dute.
Aurtengo berritasunak
Aurten berritasunak dakartza Mendata Ezagutuz martxak. Alde batetik, hamalau kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek. Hala, aukera paregabea izango da martxetan hasiberriak direnentzako, edota gehiegi nekatu nahi ez dutenentzako.
Berritasun nagusia, baina, probaren norabidea izango da. Izan ere, martxa alderantzizko norabidean egingo dute parte hartzaileek, lehenengo biderrez. Martxak eta maratoia Arratzuko mugetatik hasi beharrean, Muxikako mugetatik hasiko dute.
Petralandak nabarmendu duenez, “ibilbide luzeak aukeratzen dituztenek beste esperientzia bat bizi ahalko dute; eta, ibilbilde laburrak aukeratzen dituztenek, bestalde, martxa berri bat egingo dute”. Izan ere, duela bi urte inguru 23 kilometroko ibilbidea lehen aldiz antolatu zutenetik, martxa horretako parte hartzaileak ez dira pasatu inguru horretatik.
Antolatzaileak pozarren daude hamabost urte beteko dituztelako. Martxa auzolanari esker antolatzen dute herritarrek, eta hainbeste urte irautea pozgarria dela deritzote.
Eguraldiak lagunduz gero, aurtengoa ere ekitaldi oso arrakastatsua izango dela uste du Petralandak. Dioenez, kirola eginez, Mendata eta inguruak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du probak.