
Zapatuan laugarren Nekazal azoka egingo dute Ean. Hara joaten direnek goizean hasi eta eguerdira bitartean izango dute zer ikusi eta zer dastatu.
10:00etan irekiko dute azoka, eta frontoi inguruan ohiko nekazaritza eta artisau produktuak egongo dira salgai. 12:00etan herriko joaldunek saioa egingo dute, eta ordu erdi beranduago uso mezulariak ikusteko aukera egongo da.
Halaber, 13:00etan hainbat erakustaldi egingo dituzte. Besteak beste, sega pikatzea, sardikoa, pikamailua eta saskiak nola egiten dituzten erakutsiko dute.
Baserritarrez jantzita
Artisauen erakustaldia amaitzean, giza-probak izango dira. Batetik, Mikel Alzolaren saioa egongo da, eta, bestetik, Zeanuri eta Mendaroko neska taldeak egingo du erakustaldia.

14:00etan, berriz, dantza saio irekia egingo dute parte hartu gura dutenek. Hain zuzen ere, nekazal azokara baserritarrez jantzita joateko dei egin dute antolatzaileek, giro onean dantzatu eta abesteko.
Gorputzak astindu ostean, enkantearen amaiera eta otzaren banaketa egingo dituzte.
Bestalde, udan egin duten Lore Art-Ean lehiaketaren irabazleak nortzuk diren argituko dute. Aurten lehenengoz antolatu dute herriko etarteak eta etxaurreak lorez apaintzeko lehiaketa. Bi kategoria egon dira: baserriak eta etxeak.