
Aurreko asteburuan
Udako parranda handia egin dute. Barikuan hasi eta domeka bitartean denetariko ekintzez gozatu dute eatarrek eta udatiarrek. Antolatzaileak oso pozik daude: “Hiru egunetan jende asko batu da, goizean hasi eta goizaldera arte”. Iaz, egun bakarreko jaia egin zuten, eta aurten hiru eguneko “parranda” egin dute ume, gazte zein nagusiek.
Barikuan 12:00etan txupinazoarekin ekin zioten jaiari. Ekitaldi guztiak hondartza inguruan egin dituzte, frontoian. Eguerdian, tortilla eta hondarrezko gaztelu lehiaketak egin zituzten. Tortilla txapelketan, esaterako, hamar koadrillak eman zuten izena. Arratsaldean gorputzak astintzeko tartea hartu zuten zumba dantzaldiarekin. Iluntzean, berriz, zortzi koadrilla animatu ziren Coktail lehiaketan parte hartzera, eta marrubizko Daikiria prestatu zuen taldeak irabazi zuen lehia. Ondoren, txikienentzako karaokean eztarriak berotu zituzten ume eta gaztetxoek. 22:00etatik 23:00etara umeentzako DJ emanaldia izan zen, eta ostean nagusiak izan ziren DJ-aren musikarekin goizalderarte dantzan ibili zirenak.
Zapatu eguerdia jolasean eman zuten ume eta gaztetxoek; hainbat jolas egin zituzten, tartean, altxorraren bila. 19:00etan, berriz, umeak, gazteak eta nagusiak koadrilletan mozorrotuta kalejira egin zuten frontoiraino. Ondoren, txokolatada eta
Play back lehiaketa egin zituzten. Sei taldek hartu zuten parte, eta besteak beste Fitoren eta telebistako pailazoen abestiak entzun ziren bertan. Eguna amaitzeko DJ saioa izan zuten, eta asko egunak argitu arte ibili ziren dantzan.
Bestalde, domeka goizean udan zehar hondartzan jokatu duten futbol torneoaren finalak jokatu zituzten. Bi kategoria izan dira; txikienak eta nagusiagoak, eta kategoria bakoitzean launa taldek parte hartu dute. Denek jaso zuten sariren bat, eta txapeldunen sariaz gain, gol gehien sartu dituztenek eta gogotsuen jokatu dutenek ere sari bereziak jaso zituzten. Gero arratsaldean, hiru eguneko parrandari amaiera emateko erromerian dantzan eta kantuan aritu ziren herritarrak.