
Asteburuan
Elantxobe, kofradia eta itsasoa izeneko erakusketa ipini zuten herriko kofradian. Antzinako argazkiak, eta kofradiako artxiboetako dokumentuak izan dira ikusgai, eta baita itsasontzi mota desberdinen maketak eta nabigaziorako eta arrantzatzeko tresnak ere.
Kofradian bildutako materiala Elantxobeko herritarrek mendeetan zehar itsasoarekin izan duten lotura estuaren lekuko dira. Esaterako, agirien artean daude 1860.urteko herriko errolda; 1.148 biztanle zituen orduan Elantxobek. 1972ko liburu historikoa bildu dute, eta 1840 eta 1860 urteen arteko saregile eta neskatilen zerrendak ageri diren dokumentuak ere jaso dituzte. Era berean, lehenengo portuko planoak eta portuaren inguruko proiektuak ere izan dira erakusketan.
Bestalde, XIX. eta XX. mendeetan izandako hainbat enbatari buruzko agiriak ere batu dituzte. Horietan irakur zitekeen, 1878ko galernan 41 hildako izan zirela, 1894.urtekoan hamasei arrantzale hil ziren, eta 1912koan zazpi lagunek galdu zuten bizia.
Bestalde, arrain mota desberdinen laginak, koralak eta nabigaziorako eta arrantzarako tresnak ere ipini zituzten erakusketan. Tresnen artean esaterako, telegrafoak, lemak, kriseiluak, sextanteak, konpasak eta erlojuak zeuden. Halaber, elantxobetarrek eta kanpotarrek utzitako itsasontzien maketak batu zituzten. Besteak beste
Elena, Egun Argia, San Miguel, Buen Pastor, Maria Nieves edota
Anaitasuna herriko itsasontzien maketak eta hamabost bat belaontzirenak. Azken horiek Ramon Carrerok utzitakoak dira, iaz Galdamesko Montellano auzoan egin zuten erakusketan egondakoak.
Antolatzaileak pozik daude erakusketak izan duen harrerarekin. Kepa Soraluze kultur zinegotziaren berbetan, erakusketa «oso arrakastatsua» izan da. «Herriko zein kanpoko jende ugari bertaratu da bi egunetan».