
Domekako etapan lan bikaina egin zuen Caja Rural-eko txirrindulariak. Winner Anacona Lampre Merida taldeko txirrindulariak irabazi zuen etapa, eta Bilbao harengandik minutu bat eta hamabi segundura heldu zen helmugara. Carboneras de Guadazaon eta Aramon Valdelinares artean 185 kilometro egin zituzten bederatzigarren etapan.
Sailkapen nagusian 83. postuan dago Bilbao. Momentuz Nairo Quintana Movistar Team-eko txirrindularia da liderra. Quintanarengandik hiru segundura dago Alberto Contador, eta zortzi segundura Alejandro Valverde.
Gaur atseden eguna dute Espainiako Itzulian. Bihar 36 bat kilometroko erlojupekoa egingo dute, eta hirugarren mailako mendate bat izango dute. Real Monasterio de Santa Maria de Veruela eta Borja arteko erlojupekoa izango da. Etzi, berriz, Euskal Herrian egingo dute hamaikagarren etapa; Iruñean hasi eta Aralarreko Santutegian amaituko dute.