
Urdaibai Bilbo Hiria banderan
Asteburu gazi-gozoa izan da Urdaibairentzat. Bermeotarrek jeitsiera play-offetik ihes egitea lortu zuten, baina azken bi estropadak (Bermeoko bandera eta El Corte Ingles bandera) lehiatzeko ohoreak ihes egin zien Hala, kostaldekoak ez dira ariko etxeko estropadan. Zaila zen Urdaibaik zortzigarren postura arte salto egitea, baina izan bazeukan aukera txiki bat, eta balentria lorzeko asmoz ureratu ziren bertokoak. Azkenean, baina, jeitsiera play-offa ekiditeagaz konformatu behar izan zuen Urdaibaik.
Asteburuko estropadak kontuan hartuz gero, kostaldekoek 75 puntugaz amaitu dute TKE Liga, hamargarren postuan sailkatuz. Txapelketa -95 puntugaz hasi zuten bertokoek. Hala. maila ederra eman dute denboraldian zehar, lau bandera irabaziz eta Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak eskuratuz.
Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzaileak dioenez, “helburu nagusia bete dugu, kategoriari eustea baitzen helburu nagusia”. Aurtengo denboraldia liga irabazteko helburuz prestatu zuten hasiera batean, eta ekainean jasotako erabakiak erronka berria ipini zien esku artean. “Bagenekien liga irabazteko beharrezko diren ia puntu berdinak eta errendimendu maila bera eman behar genuela. Estropadaz estropada lan handia egin dugu, eta arraunlariek erakutsitako jarrera, indarra, kalitatea eta mentalitatea asko baloratzen ditut”.
Halaber, zaletuek uda guztian zehar erakutsitako babesa ere nabarmendu du. “Pena” apur bat badute, etxeko estropadan babes hori eskertzeko aukera izango ez dutelako. Baina, Salsamendiren berbetan, “gu lehiatu ez arren, Bermeoko herriak, orain arte erakutsi duen moduan, arrauna maite duen herria dela erakutsiko du orduan ere”.
Jeitsiera play-offeko postura, bestalde, Astillero (Kantabria) erori zen, 73 puntu lortuta. Kantabriarrak, baina, ez dira play-offean lehiatuko, ziurtatuta baitute leku bat TKE Ligan. Ligako arauek diotenez, autonomi erkidego bakoitzeko talde batek egin behar du arraunean, gutxienez. Hala, Pedrena (Kantabria) mailaz bajatuko denez, Astillero da Kantabriako ordezkari bakarra, eta ezin da mailaz bajatu.
Balentriatik hurbil
Urdaibaik azken bi estropadak lehiatzeko balentria hurbil izan du. Zierbena zortzigarren sailkatuak 80 puntu lortu ditu, Bermeokoei bakarrik bost ateraz. San Pedro bederatzigarren sailkatuak, berriz, Urdaibaik baino hiru puntu gehiago eskuratu ditu.
Bestalde, hurrengo hitzordua Kontxako bandera izango da. Eguenean egingo dute sailkatze estropada. Urdaibaiko arraunlariek, beste urte batez, bandera irabazteko lehian egon nahi dute. “Badakigu lan asko, arraunean asko egin beharko dugula eta ilusionatuta gaude. Aurreko estropadak bezala, hau ere burubelarri prestatzen gabiltza eta Kontxak eskatzen duen errendimendua emateko prest gaude”, esan du Urdaibaiko entrenatzaileak. Bermeotarrez gain, Orio, Hondarribia eta Kaiku dira faboritoak. “Kaiku da ustez behintzat Kontxarako indar gehien gorde dituena”.
-
-
Urdaibai Bilbo Hiria banderan
-
-
Urdaibai Bilbo Hiria banderan
-
-
Urdaibai Portugaleteko banderan
-
-
Urdaibai Portugaleteko banderan