Ibilbide didaktikoa eta jolasak izango dira aukeran Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, domekan
Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak ekintzaz baterik dakar domeka, irailaren 7a. Batetik, ibilbide didaktikoa antolatu du egun horretarako, eta, bestetik, Munduko jolasak aisia, hezkuntza eta sustapen kulturalerako proiektua.
Goizean egingo dute ibilbidea; bizikletaz, Urdaibaiko goi estuariotik. Gernika-Lumoko Errenteria auzoan kokatuta dagoen aparkalekuan batuko dira ekintzaz gozatu nahi dutenak, eta bertatik abiatuko dute ibilbidea. Ekosistemak eta bere osagaiak aztertzea izango dute helburu.
11:30ean hasiko dute aipatu ibilbidea, eta 13:30era bitartean, gidak proposatutako galderei erantzun beharko diote 12 urtetik gorako parte hartzaileek, ibilbidean zehar aurkituko dituzten 10 informazio tauletan begiratuta.
Arratsaldea, bestalde, Munduko jolasen bitartez igaroko dute Euskadiko Biodibertsitate Zentrora bertaratzen direnek.
Eskuz egindako jolas horien bidez, gure kultura eta tradizioaren onena eta gainontzeko kulturen ezaugarriak ere ezagutu ahalko dituzte parte hartzaileek.
Familiako kide guztiek elkarbanatu ahalko dute aisia eta jolasaldia bost kontinenteetako 15 taula erraldoiz osatutako jokoen bitartez. Besteak beste, puxtarri, txapa, fitxa eta trebetasun jokoak izango dituzte aukeran irailaren 7an.
Ekintza bata zein bestea doanekoa izango da; hala ere, izena ematea ezinbestekoa izango da. Parte hartu nahi duenak, beraz, 94 687 04 02 telefonoan edota info@torremadariaga.org helbidean eman beharko du izena.