
Herriko umeei txupetea kentzen laguntzeko,
Ekau pipie Xixilintzako film laburra egin du Bermeoko Erraldoien Konpartsak. Izen bereko liburua kaleratu zuten iaz, eta, orain, aurrerapauso bat emanez, film laburrari ekin diote, Markel eta Gorka Goikoetxea anaien zuzendaritzapean.
Laburmetraiak 15 minutuko iraupena du, eta irailaren 4an, eguenean, aurkeztuko dute Nestor Basterretxea aretoan. Hiru emanaldi egingo dituzte, lehena 20:00etan hasita. Aingeru Astui Bermeoko Udaleko kultura zinegotziak azaldu duenez, doanekoa izango da sarrera.
Egitasmo horren bitartez, herrian indar berezia hartu duten erraldoiak umeengana gehiago hurbiltzea ahalbidetuko dute; hori baita Erraldoien Konpartsaren asmoa. «Egoerak utzi arte, behintzat», umeengandik jasotako txupeteak zintzilik eramango dituzte erraldoiek kalera ateratzen direnetan; dagoeneko, zenbait txupete jaso dituztela ere azaldu du Joseba Batiz konpartsako ordezkariak.
Horrez gain, laburmetrai horrekin, herriko erraldoiak ezagutzera emango dira; izan ere, «Bermeok duen ondare garrantzitsu bat dira, itsas eta baserri munduaren isla», Astuiren ustez. 2006an sortu zuten Bermeoko Erraldoien Konpartsa, eta, geroztik, Euskal herriko hainbat tokitara eraman dituzte. Herrian bertan ere, hainbatetan ateratzen dira kalera, esaterako, Arrain Azokan, Erromeridxen eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan.
Hala, Bermeoko Udalak eta Erraldoien Konpartsak herritar guztiak gonbidatu dituzte egueneko film laburraren emanaldian parte hartzera; bertan, «txiki zein nagusiek erraldoiez eta pertsonaiez gozatzeko aukera izango baitute».