
Bihar hasi eta domekararte
Hamaika eta bat Ea poesiari lelopean egingo dituzte Eako Poesia Egunak. Beste urte batez sortzaileen topalekua izango da kostaldeko herri txikia. Karmele Larrinaga (Ea, 1955) eta Asun Landa (Ea, 1954) Herrijeri emon arnasa kultura taldeko kideak hasieratik dabiltza Eako Poesia Egunak antolatzen. Diotenez urtez urte «sendotzen» joan da egitasmoa, eta lehen urteetako ilusio bera dute.
Aurtengo leloa Hamaika eta bat Ea poesiari da. Zer adierazi nahi izan duzue horrekin?
Asun Landa: Hamaikagarrena da aurtengoa eta hamaika bada zenbaki berezia euskaraz, hamaika da asko, zenbaki mugagabea da, infinitua euskaraz. Orduan eman nahi izan diogu zentzu poetikoa; hamaika eta bat etxe poesiari, hamaika eta bat leku poesiari eta Ea poesiarako leku bat izatea nahi dugulako; sorkuntzarako, euskararako lekua.
Karmele Larrinaga: Poesiari hamaika aukera ematea da. Leloak ondo laburtzen du poesia topaketen filosofia.
Aurten Arestiren Harri eta Herri liburua argitaratu zela 50 urte betetzen dira, eta urteurren horren inguruko berbaldiarekin hasiko da tokapeta.
A.L. Arestiren obraren berrirakurketa egiten dugu urtero eta aurten Harri eta Herri-ren irakurketa berezia egingo dute Laura Mintegik eta Karmelo Landak. Guretzat esanahi berezia dauka. Institutu garaian irakurri genuen liburua da, Frankismo garaian, eta gutako askorentzat euskaraz irakurri genuen lehen liburua da.
Topaketak poesia du ardatz, baina literatur topalekua baino askoz gehiago dira Poesia egunak.
A.L. Literatura beste arteekin uztartzen dugu. Izan ere gaur egun ez da egiten literatura hutsean –baita ere-–literatura gauza hibrido moduan lantzen da sarri: musikarekin, antzerkiarekin, bertsolaritzarekin eta abar uztartuta. Euskal Herrian halako esperientzia ederrak daudenez saiatzen gara gauza berritzaileak ekartzen; hibridoak direnak.
Eta horren adibide da esaterako Gabrielen Lekua sentikaria.
A.L. Bai, hala da. Bertan Andoni Egañaren bertsoak, antzerkia, Rafa Ruedaren zuzeneko musika, eta Oier Guillenen Arestiren poemen errezitaldiaz gozatzeko aukera egongo da. Arestiren obra eta bizitza ezagutzeko lana da eta hona ekarri nahi genuen Ea izan delako Arestiren leku bat.
Arestiren lanetan genero identitateen eraikuntza ere aztergai izango duzue topaketan.
K.L. Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek Arestiren imajinario poetikoak zelako gizontzeak eta andratzeak biltzen dituen azalduko eta ausnartuko dute. Hitzaldian ikuspuntu berriak ikusiko ditugu; azterketa interesgarria izango da. Gure enkarguz bereziki Poesia Egunetarako egindako ikerketa lan bat da.
Ohikoa da topaketetarako beren beregi sorturiko lanak aurkeztea?
K.L. Azken urteetan zortea izan dugu, eta asko dira beren beregi Earako sorturiko sormenak. Aurten ere, esaterako Bide Ertzean taldekoek Earako kontzertu akustiko berezia prestatu dute: Kantu bat zure minari.
A.L. Bide ertzean oso lotua dago Poesiari. Eskatu egin diegu eta eurak oso pozik onartu dute eskaria. Domeka eguerdian Eako moilan joko dute, paraje berezian, itsasertzean eta ederra izango da.
Izan ere, leku zoragarria eta pribilegiatua da zuen literatur plaza.
K.L. Hala da bai, eta hori ere bada gure ezaugarria. Gure paraje naturalak oholtza moduan erabiltzen ditugu. Itsasertzean bizitzea daukagun pribilegio handia da, eta herriguneaz gain, Bedarona eta Natxitua auzoetan ere egiten ditugu ekitaldiak.
A.L. Halaber, topaketen ezaugarri nagusienetako da idazleen eta herritarren artean sortzen den harremana . Aukera ederra da jende interesantea ezagutzeko; momentu honetan euskarazko kulturan dauden sortzaile interesanteen topagune baita.
Sortzaile zein sormen interesgarrien topaleku dira Poesia egunak.
A.L. Hemen sorkuntza da helburua. Pentsatzen dugu kultura izan behar dela korronte desberdinetakoa; ezin da ideologia bakarrekoa izan. Euskaraz sortutako lanei eta berritzailea denari plaza ematen diegu. Ea sorkuntzarako literatur plaza bihurtu dugu; plaza anitza eta partehartzailea. Ez diogu arrokeriaz, astiro-astiro eta bere gabeziekin eta arazoekin lortu dugu. Formato txikia gara, herri txikia baikara, ez dugu handinahirik ere, baina finkatu dugu leku bat.
Bestalde, Rap-ak ere lehenengoz leku bat izango du Ean Etxepare Rap kontzertuarekin.
A.L Esperimentazioko lan bat da. Euskal literatura klasikoa Rap dantzaren bidez erakusten duen muntaia izugarri ederra da, eta oso atsegina. Literaturaren historiaren errepasoa egiten du. Klasikotik hasita, XVI.mendeko poemetatik, gaur egunekoetara ibilbidea egiten du. Horietako asko ia ezezagunak dira jendearentzat. Modu dibertigarrian eginiko errezitaldia izango da.
Dantza garaikideari ere tarte bat egin diezue aurten.
A.L. Muto: Txinaraino tunel bat zulatu dantza ikuskizuna egingo du Laida Azkonak. Gaur egun Londreseko dantza konpainia batekin dago eta lortu dugu Eara ekartzea. Gauza oso berezia izango da. Poesia eta dantza uztartuta, lan ederra eta berezia egin du. Dantza garaikide eder-ederra eta poetikoa aurkeztuko du. Hori ere berritzailea da eta aurtengo topaketaren bitxikeria poetikoa.
Idazleak hitzaldiak ematen ez ezik olerkiak irakurtzen ere entzungo dira Ean.
K.L. Bai, Bedaronan zapatuan bazkalostean Idazleak irakurle izenburupean errezitaldia egingo dute hainbat idazlek Joseba Irazokiren musika lagun dutela. Aurten publikatu duten poeten artean aukeraketa bat egin dugu, eta beti bezala saiatu gara sortzaile eta sormen desberdinak ekartzen.
Poesia egunak borobiltzeko Hondakindegia aurkeztuko dute Iñigo Astizen eta Mikel Ayerbek. Zer da Hondakindegia?
K.L. Performance modukoa da; umore ukituarekin eta irudiekin egindako errezitaldia. Poztasunaz amaitzeko aproposa iruditu zaigu. Gure hondakinak, gure bizitzaren hondakinen inguruko trataera egiten dute. Hau da, poesia antirezital bat egiten dute nolabait esateko; errezitaldi berezi bat.