Momentuko puntista hoberenak batuko dituzte Calzada Egoitzaren aldeko jaialdian
http://vimeo.com/100055565
http://vimeo.com/100055565
Urtero-urtero Calzada Egoitzaren aldeko zesta-punta jaialdiak puntista handiak batu ohi ditu Jai Alai frontoian, baina, aurtengoa zita bereziki garrantzitsua izango da Gernika-Lumokoa. Herriko Jai Alai eskolako kideek nabarmendu dutenez, momentuko lau puntista hoberenak batuko dituzte barikuan (uztailak 11), 22:00etatik aurrera.
Aurrelariei dagokionez, esaterako, Iñaki Goikoetxeak eta Diego Beaskoetxeak jokatuko dute estelarrean. Bi estiloren arteko talka izango da aurreko koadroetan; Goikoetxearen indarra eta gernikarraren teknika. Goikoetxea, gainera, historiako puntista hoberena da askorentzat. Hiruko Koroa hirutan irabazi du AEBetan, eta sei aldiz izan da munduko txapeldun. Beaskoetxeak, bestalde, iaz irabazi zituen Hiruko Koroa eta Munduko Txapelketa lehenengoz.
Atzealdean ere, bi puntista handi izango dira: Lopez eta Irastorza. Lopez egungo atzelari hoberena da adituen ustez, baina Irastorzak gutxitan huts egiten du. Hala, atzealdean ere partida orekatua espero da.
Beaskoetxea zein Goikoetxea jokatzeko irrikitan azaldu dira, guztiek ikusi nahi duten partida baita barikukoa. Beaskoetxearen ustez, “norgehiagoka ikusgarria izango da; pilota arin joango da, eta erremate asko egongo dira”. Hala, zaleek gozatzea espero du.
Goikoetxeak ere partida “ederra eta gogorra” izango dela deritzo. Dioenez, “pilotaleku handi bat da, eta xarma berezia dauka bertan jokatzeak”. Gainera Calzada Egoitzaren alde jokatzeak, partida are bereziagoa egiten duela dio. Izan ere, gaur egun “elkartasun keinu gutxi” egiten dira.
Antolatzaileek jendetza batzea espero dute. Urtero batzen du zale mordoa Calzadaren aldeko partidak, baina aurtengo partida apartekoa izango dela deritzote, maila oso handiko puntistek jokatuko baitute.
Partidak baino gehiago
Zesta-punta jaialdia, Barandika eta Lekerika munduko txapeldunen eta Alberro eta Intza Frantziako txapeldunen arteko partidagaz hasiko da. Partidak, baina, ez dira eguneko ekitaldi bakarrak izango. Taldeko kideek jakinarazi dutenez, aurten Alex Solozabal munduko txapeldun izandakoa omenduko dute, eta bildutakoek Gaudeamus Koralaren, Audience taldearen eta El_Txef_a DJaren musikaz gozatzeko aukera izango dute.
Sarrerak salgai
Udalak eta Calzada Egoitzak 1.500 sarrera jarri dituzte salgai, bakoitza hamar eurotan. Dagoeneko, udaleko Gizarte Garapenerako Sailean, Jai Alai pilotalekuan eta Calzada Egoitzan eskuratu daitezke, baina partidaren egunean berta ere salgai jarriko dituzte frontoiko lehiatilan. Batutako dirua Calzada Egoitzari emango diote urtero bezala.