
ELAko ordezkarien prentsaurrekoa
Lanpostuen Zerrenda berria onartu zuen udalbatzak azken osoko bilkuran, baina zerrenda horretan ELAren delegatu baten lanpostua ez dela jasotzen salatu du sindikatuak gaur goizean. Haren ustez, azken urteetan langile horrek udaletxean egindako lan sindikalagatik, “mendeku hartu” nahi du EH Bilduk. Koalizioko udal arduradunek, baina, gezurtatu egin dute mendeku nahirik dagoenik, ezta inor kaleratzeko asmoa dutenik ere.

Gernika-Lumoko udal arduradunak
2014an onartu berri duten Lanpostu Zerrenda berrian udaleko Euskara zerbitzuan ELAren delegatua den langilearen lanpostua ez dela salatu du sindikatuak. Begoña Landa alkateordeak azaldu duenez, baina, lanpostu organikoekin batera dago jasota, Lanpostu Zerrendaren barruan: “Ez dugu inor kaleratzeko asmorik, udalak inori ez dio jakinarazi kaleratu egingo dutenik. ELAren delegatu horrek udaleko langile izaten jarraitzen du eta bere nomina kobratzen du hilero-hilero”. Hala, sindikatuaren salaketa “gogorra” izan dela azaldu du Landak. Mendeku hitza erabili dute, eta berba horiek neurtu egin beharko lituzketela uste du.
Administrazioaren Euskararen Erabilera Plana –AEP– onartu zuten urtarrilaren 29an, eta plan berriak helburu ezberdinak dituela azaldu dute udal arduradunek; “eta helburu horiei jarraituta egin dugu Langileen Zerrenda”, esan du Landak. Hala, helburu horiek betetzea ahalbidetuko duten lanpostuak zehaztu dituzte; “horrek ez du esan nahi inor kaleratuko denik”.
Era berean, bere lanpostuan jazarpena pairatu duela salatu du ELAren ordezkariak, eta hori horrela izan den argitzeko protokoloa martxan jarriko du udalak. Mutuarekin batzarrak egin ostean, Lan Ikuskaritzara bidali du udalak protokolo horren berri jasotzen duen txostena. “Langile horrek salatzen duena egia den argitu nahi dugu guk ere. Eta ikerketa egin egingo genuke behartuta egongo ez bagina ere”, esan du Landak. Dena den, beste behin ere, hitzak neurtzeko eskatu du alkateordeak: “Jazarpen eta antzerako berba potoloak kontu handiz erabili behar dira”.
Iñaki Gorroñok, bere aldetik, egoera ulerkaitza egiten zaiola aipatu du: “Nola jazarri daiteke inor bere lanpostuan bere zereginetatik %100ean liberatuta badago?”.
2007. urtean Lan Ikuskaritzara jo zuen langile talde batek, beraien lanpostuetan egoera irregularrean zeudela iritzita. Epaitegietara jo ostean, 20013an heldu zen epailearen sententzia. Haren esanetan, salaketa egin zuten langile horien lanpostuak estrukturalak izan beharko lirateke. Hala, Lanpostuen Zerrendan horiek guztiak jaso dituztela esan dute Gernika-Lumoko udal arduradunek. “Horiez gain, lanpostu berriak ere sortu ditugu”. Perfil berri horiek betetzeko lan poltsak zabalduko ditu udalak. Hain zuzen, garbitzaileen bost lanpostu, lorezainen bi eta arkitektuaren lanpostu bat betetzeko lan poltsak irekiko dituzte.
Onartu berri duten Langile Zerrendarekin orain arteko lanpostuak egonkortu gura ditu Gernika-Lumoko Udalak. “Orain arte indarrean zegoen zerrenda 2006koa zen, eta berritu beharra zegoen”.
ELA sindikatuak, hala ere, manifestazioa deitu du bariku honetarako, “egoera salatzeko eta kaleratzea geldiarazteko” . Udaletxetik aterako da, 11:30ean.