Bermeoko EAJk ez du bat egiten udalak Auzitegi Nagusiaren epaiari kasazio helegitea jartzeko erabakiagaz
Bermeoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko 26.1 lurzoruaren antolaketa baliogabetzen duen epaia eman du Auzitegi Nagusiak berriki, eta horrek sortutako gastuak ordaintzera ere kondenatu du udala. Horren aurrean, udalak kasazio helegitea jartzea erabaki du. Hala, Bermeoko EAJk udalaren erabaki horrekin ezin duela bat egin adierazi du, eta gobernu taldeak hartutako norabidea aldebakarrekoa izan izana kritikatu du.
Udalak kasazio helegitea jartzeko asmoa duela komunikabideen bitartez jakin dutela salatu dute jeltzaleek; «arazo benetan larria da, eta alkateak ez digu dei egin horren gaineko informaziorik emateko».
Halaber, Auztiegi Nagusiaren epaiak sortu duen arazoari udalak «irtenbide egoki bat» aurkitu behar diola uste du alderdi jeltzaleak, «ondorio larriagoak ekarri aurretik». Era berean, epai horrek ekonomikoki herriari suposatuko dionaren inguruko berririk ez dutela kritikatu dute, «ez eta epaiaren kontra helegitea aurkezteak ere».
Gobernu taldeak hartutako norabidea «aldebakarrekoa» izanik, hemendik aurrerako ondorio guztien erantzule bakarra Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta bere gobernu taldea izango direla azpimarratu dute jeltzaleek.
Arazoaren jatorria 2004an
Arazoaren jatorria aurkitzeko, 2004. urtera salto egin du EAJk; «EAko agintaldi horretan, 6.1.2 exekuzio unitatean (Ormaza fabrikako orubea) arau subsidiarioak aldatu eta eraikitzeko dentsitatea handitzea erabaki zen, Ormazak lantegi berria eraiki eta lanpostuak bermatzeko asmoz», gogoratu du. Hala, 29 etxebizitza eta 29 aparkalekuren ordez, 54 etxebizitza eta beste horren beste aparkaleku eraikitzeko eskubidea aitortu zaiela azaldu du, «baina Ormazak ez du sekula trukean fabrika berririk eraiki». hala, arau subsidiarioen aldaketaren ondorioz, onartutako dentsitate-zabalkundeak «ikaragarrizko arazoa» sortu zuela herriko gune haretan dio EAJk. Horregatik, eta horri irtenbidea emateko asmoz, udal teknikari eta aholkularitza juridikoak aukera ezberdinak aztertzen hasi zirela gogorarazi du; «hortik, 2012. urtean HAPOa 26.1 lurzoruaren antolaketagaz indarrean sartu izana».
Azken finean, herriari zuzenean eragiten dien erabakiak hartzerakoan EAJ kontuan izateko eskatu diote jeltzaleek alkateari.