
Maiatzaren 25ean egindako adierazpen batzuen harira jarri diote zigorra Bermeoko Arraun Taldeko entrenatzaileari. Behin behinko sententzia da Esther Queralto TKE ligako disziplina epailearena. Hala, errekurtsoa aurkezteko aukera dauka entrenatzaileak.
Salsamendik Urdaibairi jarritako zigorra baieztatu ostean egin zituen adierazpenak lekuz kanpo daudela deritzo epaileak, eta TKE liga kaltetzen dutela.
Entrenatzaileak zigorraren ostean zenbait taldek egindako adierazpenetaz kexatu zen. Izan ere, zenbait taldek zigorra txikiegia zela esan zuten. Salsamendiren berbetan, “zenbait arraun talderen adierazpenak entzun ostean loteria tokatu zaigula dirudi. Apurka-apurka hil nahi gaituzte buruan tiro bat eman beharrean. Legeak ezin dira kartara egin. Aholkulari juridikoek, gainera, txarto aholkatzen gaituzte, eta egoera zailetan jartzen gaituzte. Ez da justua batzarretan epailea baten alde egin edo ez erabaki behar izatea; edo talde batek arraunean egin dezakeen erabakitzea, 2011an egin zen bezala. Bihar kartzelara joan behar badut joango naiz, eta arraunean ezin badezaket egin etxean geratuko naiz. Baina epaile batek esan diezadala”.