
Herritarrek gozatzeko jaiak izan behar direla azpimarratu du Jaietako zinegotzi Irati Bidaurretak gaur, aurtengo festak aurkezteko eman duten prentsaurrekoan. Sanlorentzoek emango diete hasiera abuztuko festei, eta Andra Mari eta San Roke jaiak igarota, San Bartolome jaiekin amaituko dituzte gernikarrek ospakizunak. Abuztuaren 9tik 24ra, beraz, jai giroan izango da herria.
Urtero legez, kaleak alaitzea izan dute helburu festak prestatzerakoan. Gaueko giroa berotzen duten kontzertuak maila handikoak izango dira 2014an ere. Besteak beste, Sarkor, Zea Mays, Berri Txarrak, Doctor Deseo edota Espaloian izango dira Gernika-Lumon. Hala ere, egunekoari ere garrantzia eman nahi izan diote jai batzordekoek. Hala, festa giroa indartzeko asmoz, trikitilariak, batukada, fanfarriak, bertsolariak… izango dira Gernika-Lumoko jai ezberdinetan.
Kaleak alaitzea izan dute helburu festak prestatzerakoan”
Gernika-Lumoko Jai Batzordeak lan handia egin du urte osoan zehar denen gustuko herriko jai patronalak antolatzeko. Eta behar horretan ibili direnen esfortzua eskertu zuen zinegotziak. Halaber, Lurgorriko San Lorentzo eta Errenteriko San Bartolome jaiak ere aipatu zituen. «Bi auzoetako jai batzordeen lanari esker, aurten ere jai horiekin gozatu ahal izango dugu».
Gazte Eguna
Jaiak aurrera eramateko asmoz ekintzak antolatzen dituzten herriko elkarteentzat ere aipamen berezia izan zuen atzo Bidaurretak, «Gernika-Lumoko jaiei berezitasuna eurek ematen diete eta». Era berean, Egurre gazteen bilgune sortu berriak antolatu duen Gazte Eguna aipatu zuen. «Aurten sortu den asanblada indartsu dator, abuztuaren 13rako antolatu duen egun osoko egitarauarekin». Aipatu zuenez, baltsen jaitsiera, bazkari herrikoia eta kontzertuak izango dira egun horretan, besteak beste.