
Emakideko Xankore antzerki taldeak El misterio del patio lan berria aurkeztu du Gernika-Lumoko herrikideen aurrean. 2007az geroztik urtero taularatu dute antzerki bat bertoko emakumezkoek, eta jendetza batu ohi dute gainera. Hala, aurten ere berdina gertatzea espero dute, “jarraitzaile fidelak” baitituzte.
Xankorekoek jakinarazi dutenez, gaur (uztailak 4) eta bihar (uztailak 5) antzeztuko dute lan berria, 20:30ean hasita. Oraingoan, eta lehenego biderrez, Felipe Cuetarak egingo ditu zuzendari lanak. Bertoko aktore amateurrek azaldu dutenez, haren eskua igartzen da lanean. Izan ere, apur bat desberdina dela deritzote.
Antzerkiko protagonistak etxebizitza bloke bateko zortzi emakumezko dira, eta istorioa patioan garatzen da. Auzokoek elkarbizitzaren ohiko arazoak dituzte. Hala, txutxumutxuak, zaratak, eta ordaindu gabeko gauzengatiko gaitzespenak ugariak dira auzotarren artean.
Istorioaren muinean, baina, “misterio bat” dagoela nabarmendu dute Xankorekoek. “Misterio horren berri izan nahi dutenek, dena den, Lizeo Antzokira joan beharko dute asteburuko saioetako batera”.

Antzerki berrian ere, umorea oso presente egongo da, eta bildutakoek primeran pasatzeko aukera izango dute. Horregatik, Lizeo Antzokira joateko deia egin dute taldeko kideek. Lizeoko bazkide izanez gero, hiru euro ordaindu behar dituzte interesatuek. Gainontzekoek, bestalde, lau euro ordaindu behar dituzte.
Aurtengoa, taldeak taularatuko duen zazpigarren antzerkia izango da. Zortzi urte daramatzate beraien “zaletasuna lantzen”, baina lehen urtean ez ziren taula gainera igo.
Taldeko kideek azaldu dutenez, antzerkiak “bizipoza” ematen die. Oso gustura igotzen dira eszenatokira, eta ahal duten bitartean antzerkigintzan jarraitzeko asmoa dute, “sabelean tximeletak” sentitu ahal izateko.