
Herri kirol taldeko kideak
Herri arteko sokatira txapelketan parte hartzeko sortu zuten taldea, eta bere bidea egin du dagoeneko. Eskualdekotik Bizkaiko txapelketara egin zuen salto, eta aurreko denboraldian Euskal Herrikoan ere parte hartu zuen Gernika-Lumoko Herri Kirol Taldeak. Emaitza onak lortu zituzten gainera: 4x4koan finalaren ateetan geratu ziren; eta 8x8koan, pisu txikikoen taldea kenduta, beste maila guztietan finalera heldu zirela azaldu du taldeko kide Joseba Arrienek.
Emaitza horiek, baina, egindako lanaren emaitza direla esan du taldekideak: “Denboraldia hasi aurretik taldekide bakoitzak 4 eta 5 kilo artean argaldu behar izan genituen. Gainera, Euskal Herri mailan, lehiatu aurretik ere esfortzu handiak egin behar izaten ditugu”. 24 eta 48 ordu artean urik edan gabe ematen dituzte, eta jaten dutena neurtu behar izaten dute, pisatu arte. “Busturialde mailako txapelketarako gosaria jan gabe joanez gero nahikoa zen. Euskal Herri mailan lehiatzen zarenean, baina, ohartzen zara beste taldeetako tiralariek dieta zaintzen dutela, eta prestatuta heltzen direla saiora”.
Hala ere, Arrienek onartzen du esfortzu handiegia izan daitekeela; “gustuko izan behar duzu” .
Hurrengo urtean hobeto
Sokatira edota herri kirolak gustuko izanez gero, taldea ezagutzeko gonbidapena egin dute. “Gu prest gaude jende gehiago hartzeko. Gurekin aritu gura duenak baldintza bakarra bete beharko du: entrenatzeko eta taldean sartzeko gogoa izatea”.

Sokatiran, erronka bakarra finkatu dute hurrengo denboaldirako: aurtengo emaitzak hobetzea. Talde sendoa izan gurako lukete. “Ondo aritzeko oso garrantzitsua da talde finko bat sortzea. Taldekideren bat aldatuz gero, arazoak izan ditzakezu. Izan ere, sokatiran, bai aurreko zein atzeko tiralaria ondo ezagutu behar dituzu: jakin behar duzu noiz dabilen txarto, edo noiz behar duen laguntzea; edo zure atzeko tiralariak jakin behar du zuk zeuk laguntzarik behar duzun”. Indarra, posturak eta, batez ere, teknika menperatu behar direla zehaztu du Arrienek.
Entrenatzeko leku finko bat izan gurako lukete Herri Kirol taldeko kideek”
Dena den, entrenamenduarekin egin daiteke. Bakarkako entrenamenduekin indarra eta erresistentzia fisikoa lantzen dituzte. Eta taldeka ere entrenatzen dute; gaur egun, Nabarnizen eta Arratzun. “Ahal dugun moduan ibiltzen gara, guk egindako poleekin”.
Alabaina, entrenatzeko leku finkoa eta hobea gurako lukete. “Eskaera egin dugu Gernika-Lumoko udaletxean. Guretzat egokiena litzateke entrenatzeko leku finkoa izatea han, herri hori baita Busturialdeko erdigunea”.
Laguntza gehiago

Hala ere, sokatira, kirol legez, gaur egun oraindik oso diskriminatuta dagoela diote Gernika-Lumoko Herri Kirol Taldekoek: “Errekonozimendua behar du, eta instituzioek gure beharrak ere kontuan hartu beharko lituzkete”.
Eta sokatiran legez, herri kiroletan ere egoera antzekoa da. “Udan egiten ditugun erakustaldietan batzuetan ordaintzen digute, eta beste batzuetan ez”. Herri kiroletarako taldeko kide baten etxean entrenatzen dute, haren garajean: Trontzan, ingudea altxatzen, harria zulatzen, txingak eroaten, txokorrak batzen… “Entrenatzeko leku finko bat izanez gero, kirol bakoitzerako behar dugun guztia montatzeko laguntza emango liguke federazioak”. Gaur egun, baina, entrenamenduak egiteko leku finkorik ez dute, ezta materialik ere: “Modu prekarioan ari gara entrenatzen”.
Neguan sokatiran aritzen dira, eta herri kirolen erakustaldian egiten dituzte udan”
Nabarnizeko, Ereñoko, Arratzuko eta Gernika-Lumoko lagun taldea da gaur egun Gernika-Lumo Herri Kirol Taldea osatzen duena. Orain Bizkaiko Herriz Herri txapelketan parte hartzen ari dira. Bilbon egindako lehen kanporaketan egon ziren, eta beste 3-4 falta zaizkie oraindik. Abuztura bitartean erakustaldiak egiten ere ibiliko dira: “Gure helburua taldea ezagutzera ematea da. Gernika-Lumon egin izan ditugu zenbait erakustaldi: Gure Esku Dago ekimenaren barruan, Ibilaldian edota Piratak Egunean, esaterako”.

Herri kiroletan oraindik esperientzia hartzen ari dira, baina aurrera egiteko gogotsu daudela dio Arrienek: “Erakustaldiek, ezagutzera emateaz gain, entrenatzeko ere balio digute; baita sortu gura dugun taldeari bultzada emateko ere. Azken batean, hau proiektu bat da, eta parte hartzaileak behar ditugu”.
Beraz, taldea ezagutzeko eta haiengana hurbiltzeko deia egin dute Gernika-Lumo Herri Kirol Taldekoek. Lagun artean entrenatzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen du taldeak, “gogotsu etortzea, besterik ez dugu eskatzen”.