
Jai giroak Gernika-Lumoko Agarre auzoa hartuko du asteburuan. Gaur hasita eta domekara arte, hainbat izango dira ederto pasatzeko aukerak.
Txupinaren jaurtiketa 19:00etan egingo dute. Ostean umeentzako eta helduentzako dantzaldiak izango dira, Xaiborren eskutik.
Biharko bestalde, egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan, esaterako, tortilla txapelketa hasiko da, eta 13:30ean sari banaketa egingo dute. Bitartean umeentzako jolasak izango dira. 18:00etatik aurrera, berriz, saskibaloi eta futbito partidak, eta mus txapelketa izango dira aukeran. Iluntzean, sardina eta txokolate janak egingo dituzte, eta gaua ondo amaitzeko, Luhartz taldearen erromeriagaz dantza egiteko aukera izango dute bildutakoek, 22:00etan.
Etzi, sukalki txapelketagaz ekingo diote egunari, 11:00etan. Ordu horretatik aurrera ere, umeentzako jolasak izango dira; eta, 13:00etan, Elai Alairen dantza saioa. Sukalkiko sari banaketa ordu bete beranduago egingo dute, segituan, herri bazkarian bapo jateko. Jokaldi taldearen erromeriagaz amaituko dute jai eguna, 18:00etatik aurrera. Arratsalderako ere umeentzako jolasak antolatu dituzte.