
Bermeon ere badira edukiontzi zuriak
Neurri txikiko etxeko zaborrak berrerabiltzeko zerbitzua antolatzeko hitzarmena sinatuko dute Gernika-Lumoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala, arropa eta zapatak biltzeko edukiontzi berdeen ordez, zuriak ipiniko dituzte. Hitzarmen horri esker, eta 2005-2016 Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketari buruzko bigarren plan integralak jasotzen duenez, produktuen bizitza teknikoa luzatzea posible izango da, zaborrak gutxituz.
Herenegungo osoko bilkuran EAJk azaldu zuenez, hondakin horien bilketa merkeagoa izango da udalarentzat.
Edukiontzi berriak irailerako kalean izatea da Gernika-Lumoko udalaren asmoa. Hala, etxeko tresna txikiak eskuratu, konpondu, zaharberritu eta saldu ahal izango dira. Baina helburu hori lortzeko, hondakin horiek bereizita bildu behar direla azaldu zuen EAJren zinegotzi Maria Uribek, udalbatzarrean; eta horretarako beharrezko azpiegiturak behar direla.