Bertoko arraun taldeentzat asteburu nahiko ona izan da. Alde batetik, Urdaibai bigarren sailkatu zen Bartzelonan lehiatutako TKE ligako estreineko estropadan. Urdaibaikoak garaipena lortzeko helburuagaz ureratu ziren Herrialde Katalanetan, baina Orio nagusitu zen azkenean. Itsasoko baldintzak zirela eta, hala ere, Jon Salsamendi entrenatzailea pozik azaldu da arraunlariek egindako lanagaz.
Aldi berean lasai eta urduri ekin zioten ligako lehen estropadari bermeotarrek. Neguan lan ona eginda, taldea ondo heldu da denboraldi hasierara, baina urduritasun puntu bat beti dago entrenatzailearen ustez.
Laugarren sailkatuta, Urdaibaik 11 puntu lortu zituen, baina doping auziagatik jarritako zigorra dela eta, sailkapen orokorrean -84 puntu dituzte bertokoek. Liga -95 punturekin hasi zuten bertokoek, eta denboraldi erdira arte puntuazioa ez da positiboa izango. Momentuz, hortaz, bermeotarrak azken sailkatuk dira TKE ligan.
Elantxobe laugarren etxeko uretan
Elantxobe-Idar taldea, bestalde, laugarren sailkatu zen etxeko estropadan. Duela bi asteburu zazpigarren sailkatu ziren KAE 1 ligako lehen estropadan, eta Elantxobe uretan nabarmen egin zuten gora bertokoek.
Etxeko banderan laugarren sailkatuta, gainera, Elantxobeko arraun taldeak ohorezko txandan sartzea lortu du. Hain zuzen, sailkapen orokorrean laugarren sailkatuk dira bertokoak, Ondarroagaz berdinduta. Lehen hiru sailkatuek 22na puntu dituzte, eta Elantxobek, berriz, hamabost puntu.
Elantxobeko estropadako irabazlea, bestalde, Zumaia izan zen. Getaria bigarren sailatu zen, eta Lekittarra hirugarren.
Elantxobeko estropadaren argazki galeria