Azken hilabeteetan Pasileku parte hartze prozesuaren bitartez adostutakoa jendaurrean aurkeztu zuten barikuan, Pasealekuan bertan. Gernika-Lumoko bihotza den gune horrek beharrizan askori erantzuteko aukerak eskaintzen dituztela dio Pasileku lan taldeak, eta erronka horri denon artean aurre egitea nahi dute. Helburu horrekin abiatu zuten parte hartze prozesua, eta helburu horrekin aurkeztu dituzte ondorioak jendaurrean. Hain zuzen, etorkizuneko Pasealekua eraikitzen hasteko proposamena da aurkeztu dutena.
Ume, gazte, heldu eta nagusien laguntzarekin, etorkizunerako oinarriak finkatu dituzte. Hala, Pasealekuak hartuko dituen zerbitzu guztiak publikoak izatea da oinarrietako bat. Gaur egun dagoena kontuan hartu, eta etorkizunean Pasealekuan zer egongo den azaldu dute: Jubilatuen txokoa, umeen txokoa, tailerrak antolatu ahal izateko espazioa, liburutegia, areto funtzioanitza, gaztetxoen txokoa, KZ Gunea eta taberna kokatu dituzte etorkizun baterako. Pasealekuko plazari dagokionez, paseorako gunea, jolas aktiborako gunea eta egoteko gunea zehaztu dituzte.
Bide luzea dute aurretik, baina lehenego pausoa eman du Pasileku proiektuak. Biharko Pasealekuaren oinarriak zehaztu dituzte, eta, orain, adostutakoa errealitate bihurtzeko baliabideak behar dituzte.