Semaforoak Gautegiz Arteagako zeharbidean
Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko asmoz, sinkronizatutako semaforoak piztu dituzte gaur Gautegiz Arteagako zeharbidean. Bide segurtasuna hobetzea du helburu udalak, herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetuz.
Trafikoa semaforoekin erregulatzea garrantzitsua dela dio Gautegiz Arteagako Udalak; batez ere, udan. Hondartzetara doazen autoen bolumena handia izaten da, eta semaforoen sistema berriarekin autoen abiadura gehienez 50 kilometro ordukoa izango dela diote udal arduradunek. Abiadura hori gaindituz gero, semaforoa gorri jarriko da. Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, gainera, zebrabide berriak ipini dituzte kale horretan.
Semaforoak martxan jartzeagaz batera, inguruko zenbait kaleetan norabide aldaketak egingo dituztela azaldu du udalak. Dioenez, helburua da herriko guneetatik zeharbide nagusira segurtasun osoz sartzeko aukera ematea. Neurri hori, baina, behin-behinekoa dela azaldu dute, eta eraginkortasunaren arabera egokitzapenak egingo dituztela.
Bigarren fase batean, bi errotonda egingo ditu Gautegiz Arteagako Udalak. Herriko alkate Juan Felix Naberanek azaldu duenez, “garrantzitsua da gidariek herriko kale nagusia zeharkatzen ari direlaren kontzientzia hartzea”.