2013ko otsailaz geroztik itxita egon den Aita Guria baleontzia berriro zabalduko dute bihartik aurrera, herritarrek XVII. mendeko balezaleen bizimodua ezagutu dezaten. Bale Arrantzaren Interpretazio Zentro hori, gainera, berritasunekin dator aurten.
Politxene Anduiza, Irune Ormaetxea eta Iraitz Zamalloa, gaur eman duten prentsaurrekoan
Bihar irekiko ditu ateak baleontziak eta irailaren 14ra bitartean, martitzenetik zapatura 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da; domeketan, berriz, 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Uda bukatuta ere joan ahalko dira herritarrak baleontzira; hain zuzen, irailaren 17tik abenduaren 31ra eguazten eta eguenetan (10:00etatik 14:00etara), bariku eta zapatuetan (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara) eta domeketan (10:00etatik 14:00etara) izango da ikusgai Aita Guria. Baleontzi barrurako bisitak, ganera, bakarka zein taldean egin daitezkeela gogorarazi du Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak.
Hainbat jarduera baleontzian
Ekimen ezberdinen eszenatoki bilakatzeko asmoz zabalduko dute Bermeoko baleontzia, eta hori horrela izateko, hainbat jarduera aurreikusten dituzte bertan. Oraindik programa bukatu gabe duten arren, arrain produktuen dastaketa didaktikoak, kontzertuak, antzerkiak, umeentzako bisita bereziak eta beste hainbat izango direla aurreratu du Ormaetxeak.
Berriro ere Aita Guria baleontzia zabalik ikustea «izugarria» dela esan du Ormaetxeak; izan ere, «balearen arrantzak izugarrizko garrantzia izan du Bermeoko bizitzan eta ekonomian, eta baleontzia da horren adierazgarririk argiena». Hala, baleontziaren bitartez, Bermeoko zein kanpoko herritarrek arbasoen bizimodua ezagutzeko aukera izango dute, eta, ganera, «edarto pasatzeko aukera» ere izango dute.
Bihar baleontzira hurreratzen direnek, ganera, doanekoa izango dute sarrera; horretarako, Turismo Bulegora jo beharko dute izena ematera. Gainontzeko egunetan, berriz, 3 euroko sarrera ordaindu beharko dute nagusiek, eta euro bi ume, erretiratu, talde, ikasle zein familia ugariek.