Aliatuen tropak Parisera (Frantzia) sartzen, Frantzia askatu ostean. Ondo irakurri ezin daitekeen arren, gerrako ibilgailuak Guernica izena darama idatzita; Gernika Batailoiaren ibilgailuetako bat izan zen.
Hainbat izan ziren Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten euskal herritarrak; gehienak nazien kontra, baina egon bazeuden nazien aldekoak ere. Bigarren Mundu Gerra amaitzera zihoala, hala ere, tropa aliatuen aldeko Gernika Batailoia nabarmendu zen. 200 bat euskal herritarrek osatzen zuten batailoiak berebiziko garrantzia izan zuen Point de Grave-ko bataila irabazteko. Borroka horren ostean, gainera, Charlles de Gaulle Frantziako tropen kapitainak agur militarra egin zion ikurrinari, bertoko herritarrek erakutsitako adoreagatik. Euskal Herriak uste zuenaren kontra, baina, keinu horrek ez zuen jarraipenik izan hurrengo urteetan, eta Francok agintean jarraitu zuen.
Gernika Batailoia sortzeko erabakia 1944aren amaieran hartu zuten. Helburu nagusia, tropa aliatuei Frantzia askatzen laguntzea zen, mesedea itzuliko zutela uste baitzuten euskal herritarrek. Euskal gobernuak uste zuenaren kontrara, baina, naziak errenditu zirenean indar aliatuek ez zuten Frankismoaren kontra egin. Alderantzikoa gertatu zen, eta Euskal Herriak isolatuta jarraitu zuen.
Euskal gudariek Espainiako Alderdi Komunistako batailoiaren barruan borrokatu ziren, Gernika Batailoia sortu arte. Hasiera baten, Burdeosera eraman zituzten lagun horiek, baina, gerora, Medoc ingurura lekualdatu zituzten, Point de Grave-tik gertu.
Gernika Batailoiko kideek eskualde horretako azken gotorleku naziak suntsitzen lagundu zuten, Frantziaren askapenari ateak zabalduz. 1945eko apirilaren 14an hasi zen Point de Grave-ko operazioa. Lehen egun horretan bertoko gudariek nazien gotorleku bat hartzea lortu zuten, baina astiro egiten zuten aurrera. Izan ere, pertsonen kontrako minaz josita zegoen ingurua.
Alemania tropek garesti saldu zuten porrota, baina Gernika Batailoiak aurrera jarraitu zuen, eta hilaren 20an Pint de Grave-ko azken gotorlekuak suntsitu zituzten. Horietako baten, gainera, ikurrina jarri zuten euskal gudariek, nazien bandera kenduz.
Bataila horrek iraun zuen bitartean, Gernika Batailoiak bost lagun galdu zituen borrokan. Erakutsitako adoreagatik, De Gaullen esker ona jaso zuten euskal gudariek, baina espero zutena baino gutxiago lortu zuten. De Gaulle Frantziako presidente izatera heldu zen arren, ez zuen ezer egin Fraskismoaren zapalkuntzak geratzeko.