Europako Diploma hartu du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, Estrasburgon dagoen Europako Jauregian. Hain zuzen, Europako eredua bultzatzeko Gernika-Lumoko Udalak egin duen lana eta burutu duen kudeaketa aintzat hartuta erabaki du Europako Kontseiluko Parlamentu-batzarrak diploma hori ematea.
Lehen urratsa
Europako beste herri batzuekin harremanak mantentzeko, eta harreman horiek sendotzeko egin duen gestioa eta lana aitortu dio Europak Gernika-Lumori. Guztira, 15 herrik hartu dute aurten aipatu diploma hori, baina Gernika-Lumo Hego Euskal Herriko herri bakarra izan da. Gainera, Gernika-Lumoko prentsa zerbitzuak jakitera eman duenez, Espainiako herririk ere ez da izan Europako diploma hartuko dutenen artean.
Europa Saria lortu ahal izateko lehen urratsa da Europako Diploma jasotzea. Europa Sari hori 1955. urtean eman zuten lehenengoz, Europako Kontseiluko ministroen batzarraren ekimenez. Hain zuzen, Europako Batasunaren eredua bultzatzearen alde lan egiten duten herriak saritzea du helburu.
Berau lortzeko, lehenengo Ohorezko bandera eta Ohorezko Plaka hartu beharko ditu Gernika-Lumok.