Negu gogorra igaro dute, baina orainari ilusioz eutsi diote; etorkizunari, ganera, baikor begiratzen diote. Itsas denboraleak sortutako kalteak kresalez estali dituzte, eta arraunkadaz arraunkada arnasteko tartea ere badute. Elantxobeko arraunlariak dira; haziz hazi, pausoak ematen ari direnak, etorkizunari so.
Atzean utzi dute negua, eta aurrean dute, berriz, uda osoa: entrenamenduetakoa uretaratzeko unea. Joan den asteburuan jarri zuten lehen hazia Zumaian, eta oraingoan, etxean ereingo dute. Orduan hasitakoari jarraipena emateko prest dira; traineruen KAE 1 Ligan bigarren txandan mantentzeko irrikaz dira.
Iazko azken postu haietatik ihes eginda iritsi da aurten Elantxobeko taldea; orduko talde antzerakoagaz, baina esperientzian irabazita. Orain arte uretaratzeko arazoak izan badituzte ere, erronkak berdina izaten jarraitzen du: bigarren tandan (sailkapeneko 5 eta 8 postuen artekoak) nagusitzea. Horretarako, baina, aurretiaz falta izan zaien jarraipena izan beharko dute lantresna.
Indar gehiegirik ez duen taldea da Elantxobekoa, Aitor Alzibar entrenatzailearen arabera; hala ere, traineru arina dela dio eta duen talde izaera ere nabarmendu du. Beldurragaz uretaratzen direla ere aitortu du; urtero-urtero trainerua ateratzeko aukerarik izango dutenaren zalantza izaten dutelako. Datorren urtera begira ere, ez du aukera hori ziurtatzerik. Gaur gaurkoz, KAE 1 Ligan dira eta horregaz, ganera, «pozik eta ilusioz» dira.
Hemendik aurrera, hobekuntzak
Alzibarrek dioenez, hemendik aurrera hasiko da taldea hobetzen, orain hasiko baitira uretara salto egiten. Neguko itsas denboraleak entrenatzeko arazo ugari ekarri zikion elkarteari; traineru eta batelak hautsi zituen eta baita biltegian zuten bestelako materiala ere, atea ere apurtu zuen, oraindik ere konpondu gabe dagoena.
Urtean -urtean Elantxobe bezalako elkarte bat uretan egoteak «ahalegin handia» suposatzen duela deritzo entrenatzaileak, eta orain arte lortu dutela-eta, pozik daude. Aurten, ganera, sakonago arnas hartu dezake taldeak, Patxi Egurrola elkarteko presidenteak azaldu legez, «Grupo IDAR enpresari esker, etxeko estropada aurrera atera ahal izan» dutelako. Saritan 13.000 euro jarri behar izaten ditu elkarteak etxeko estropadagatik; iaz, esaterako, mailegua eskatu behar izan zuten. Aurten, aldiz, diru hori beste zerbaitetarako erabiltzeko aukera izango dute; horregatik, aipatu enpresa eskertu gura izan du.
11 gazte dituzte atzetik, eta kadete eta infantilak ere badaude; beraz, alde horretatik etorkizuna duen elkartea da Elantxobekoa Egurralarentzat. Etorkizun horren barruan ikusten du presidenteak Gernika-Lumoko erreka inguruan egoitza bat jartzeko beharra; denboraleari aurre egiteko eta datozen arraunlariei bidea errazteko. Hori lortu bitartean, gazteekin edota jende gutxiagorekin bada ere, gogor entrenatzen jarraituko dute Elantxobeko arraunlariek.
ARRAUNLARIAK:
- Aitor Alzibar
- Beñat Apraiz
- Markel Arano
- Josu Barturen
- Erlantz Egia
- Jon Egurrola
- Josu Eiguren
- Iñaki Elorrieta
- Aitor Etxebarria
- Jon Etxebarria
- Migeul Garcia
- Iñaki Goikoetxea
- Gorka LObato
- Aitzol Negrete
- Mikel Ormaza
- Unai Ruiz
- Joseba Santiago
- Mikel Zubiaurre