Europako Diploma hartuko du gaur Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, Estrasburgon dagoen Europako Jauregian. Hain zuzen,
Europako eredua bultzatzeko Gernika-Lumoko Udalak egin duen
lana eta burutu duen kudeaketa aintzat hartuta erabaki dute diploma hori ematea. Europako Kontseiluko Parlamentu-batzarrak emango dio diploma hori Gernika-Lumoko alkateari.
Europako beste herri batzuekin
harremanak mantentzeko, eta harreman horiek sendotzeko egin duen gestioa eta lana aitortu dio Europak Gernika-Lumori.
Guztira, 15 herrik hartuko dute gaur aipatu diploma hori, baina Gernika-Lumo Hego Euskal Herriko herri bakarra izango da. Gainera, Gernika-Lumoko prentsa zerbitzuak jakitera eman duenez, Espainiako herririk ere ez da izango gaur Europako diploma hartuko dutenen artean.
Europa Saria lortu ahal izateko lehen urratsa da Europako Diploma jasotzea. Sari nagusia lortzeko, lehenengo Ohorezko bandera eta Ohorezko Plaka hartu beharko ditu Gernika-Lumok.