
Urdaibaiko Galtzagorriak elkarteak antolatuta, barikuan (hilaren 27a) eta zapatuan (hilaren 28a) mendien kudeaketa dibertsifikatuaz ariko dira, Gernika-Lumon. Bildutakoek Elai Alai aretoan egingo dituzte barikuko jarduera guztiak, eta, zapatuan, bestalde, bertoko baso landaketa bat bisitatuko dute. Galtzagorriak-eko kideek zuhaitz autoktonoen garrantzia izango dute berbagai asteburuko saioetan. Izan ere, bertoko arbolen landaketek balio ekonomiko eta ekologiko handiagoa daukate. Lekuan-lekuan zuhaitz autoktonoak landatuz, basoko ekosistemak hobetu egiten direla deritzote.
Barikuan Baso Ahaztuak dokumentalaren proiekzioagaz hasiko da mendien kudeaketari buruzko saioa. Dokumentala amaitzean, bestalde, basoek neolito garaitik XXI. mendera arte izan duten bilakaeraz ariko dira, Ibai Pujana, Maite Yurrebaso eta Iker Yurrebaso. Hiru lagun horiek dokumentalaren egileak dira. 19;00etan hasiko da dokumental emanaldia.
Zapatuan, bestalde, Bermeoko Gaztañarre basoa bisitatuko dute parte hartzaileek. Gaztañarrekoa gereziondoz eta urkiz osatutako basoa da. 2003an jarri zuen landaketa hori Galtzagorriak-ek.