Profesionaletan lehiatutako bost borrokalditik bostak irabazi ditu Kerman Lejarragak (1992, Morga) eta horietatik hiru K.O.-z. Espainiako boxeo gidak iazko debutatzaile onenaren saria eman dio. Iazko maiatzean Bilboko La Casillan egin zuen debuta Santos Medrano nikaraguarraren kontra. Hura lehen asaltoan gainditu baina, ezkerreko eskua apurtu zuen. Bihar profesionaletako seigarren borrokaldia jokatuko du debuta egin zuen leku berean.

Bihar profesionaletako seigarren borrokaldia daukazu Eloy Iglesiasen kontra. Zer espero duzu?
Nire esperantza irabaztea da. Borroka hau asko prestatu dut eta irabaztera joango naiz. Iglesiasek beti atzerantza egiten du eta nik beti aurrera, erasora. Gogor jotzen dut eta ez naiz arin nekatzen. Baina hura oso ona da; onena esango nuke. Hamaika borroka irabazi eta bi bakarrik galdu ditu.
Zu ere ez zara makala, Euskal Herriko boxealaririk onena ei zara eta. Zer sentitzen duzu hori entzutean?
Hori asko esatea da. Onena ez naiz; gure gimnasioan jende oso ona dago: Ibon Larrinaga, Aritz Lopez de la Calle, Andoni Gago, Jon Fernandez eta beste hainbeste. Talde bat gara, eta ni haiek barik ez naiz inor. Haiek laguntzen didate egunero lana egiten, beti daude nirekin. Bestalde, beste gimnasio batzuetan ere maila handia dago.
Baina iazko maiatzetik zabiltza profesionaletan eta boxeolari onenei ere irabazi diezu.
Bai, tipo gogorren kontra borrokatu dut beti: Ignasi Caballero, Santos Medrano, Jair Cortes, Fran Gonzalez edota biharko aukaria Eloy Iglesias. Horietako batek bost borrokalditik bost K.O zituen eta nik lehen asaltoan irabazi nion. Handienei irabaztea kriston satisfakzioa da niretzat eta batez ere entrenamenduen emaitza da.
Boxeoa kirol arriskutsua dela diotenei zer esango zenieke?
Gure gimnasiora etortzeko esango nieke eta ikusteko zelan lan egiten dugun. Boxeoan agresibitatea dagoela eta lesio asko daudela uste dute askok, baina, kirol hau da portzentalki hilketa gutxiena duena.
Kontrol zorrotzak egiten al dizkizuete?
Boxeoa oso kontrolatuta dago profesionaletan nahiz amateurretan. Gero eta gehiago gainera. Ez dut inoiz ikusi hain kontrolatuta dagoen kirolik. Urtero hainbat TAC egiten dizkigute. Borrokaldien aurretik zein ostean TAC bana egiten didate. Aurreiritziak dituztenei, edo beldur direnei esaten diet ea inoiz ikusi duten boxeo entrenamenduren bat, eta ez badute ikusi gurera etortzeko. Gure ginmasioan familia bat gara.