
Irene Pardo Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen Sailburuak jakinarazi duenez, herrialdeko erakundeak hasi ditu Bizkaiko Begiratokia egokitzeko lanak. Nekazaritza eta Ingurumen batzordeak EH Bilduren arauz besteko proposamena onartu ostean hasi dituzte egokitzapen lanak, Oiz mendiko magalean dagoen begiralekuan. Batzordeko alderdi politiko guztiek babestu zuten arauz besteko proposamena, PP ezik. Horien berbetan, beste proposamen bat prestatuko dute Bizkaiko begiratoki guztiak kontuan har daitezen.
Bizkaiko Begiratokia 450 metroko altueran kokatuta dago, Mendatako eta Munitibarko lurretan. Bizkai osoa ikusten ez den arren, bere garaian ikuspegi ederra zegoen bertatik. Gaur egun, baina, sasiak eta zikinkeria dira nagusi, eta begiralekuaren aurrean arbolak daude. Hala, begiralekutik ez da ezer ikusten.
EH Bilduk salatu duenez, “azken urteetan bertan behera galtzen utzi dute ingurua, eta egoera konpontzea ezinbestekoa dela deritzote. Izan ere, Bizkaiko Begiratokia errekurtso turistiko legez agertzen da interneten, eta oso ezaguna da bertoko biztanleen artean. Horregatik, zaintza lanak egin ditzan eskatu zion EH Bilduk Aldundiari. Behatokia balion jartzeko neurriak har daitezen eskatu zuen koalizioak.
Arazoak jabeekin akordio batera heltzeko
Pardo sailburuaren berbetan, 2013ko udaberritik daramate Bizkaiko Begiratokiaren gaia lantzen. Nabarmendu duenez, egokitzapen lanak hasi dituzte, behin baimen guztiak lortuta.
Neurri zuzentzaileak hartzeko, lurren jabeekin akordio batera heldu behar izan du Aldundiak. Hasiera baten, lursail horiek erostea edo kontratu partekatua egitea proposatu zuen Bizkaiko erakundeak, baina jabeek ez zuten onartu. Azkenean, eta Mendatako Udalaren bitartekaritzari esker, jabeak eta Aldundia akordio batera heldu ziren. 12 urterako alokairua sinatu dute bi aldeek, eta etorkizunean lursailak erosteko aukera izango du Bizkaiko Foru Aldundiak.