Irrikaz daude arraunlariak; gogotsu eta indartsu. Domekan egingo dute salto uretara, TKE Ligako lehen estropada lehian. Orain arte egindako lana erakusteko aukera izango dute, gainontzeko 18 estropadetako lehen hazia jarrita. Urdaibaik argi du: San Migel Liga irabazi nahi du. Gaur gaurkoz, fisikoki «lan ona» egina du; hala dio, behintzat, Jon Salsamendi entrenatzaileak.
Aurreko urtetik aldaketa handirik egin barik iritsi da Urdaibai 2014ko denboraldira; bost baja eta lau altagaz. Taldea, beraz, «mantendu» egin dute bermeotarrek, eta horrek denboraldia abiapuntu «hobe» batetik hastea ahalbidetuko die. Era psikologikoan «indartsu» dagoen eta burua bere tokian duen talde bezala definitu du Salsamendik Urdaibai. Azken aldiko tira-biren eta istiluen aurrean, gainera, «heldutasuna» erakutsi duen talde bat dela argi du, eta horrek meritu handia duela deritzo.
Traineruen Kluben Elkarteak doping kasuagatik Urdabai zigortzeko erabakia hartu zuen joan den hilabetean; hain zuzen, TKE Ligako Esther Queralto epaileak Urdaibairi 24.000 euroko isuna jartzea eta denboraldia -95 punturekin hastea (iaz 189 lortu zituzten) erabaki zuen. Dena den, erabaki hori behin betikoa ez dela eta, horren zain daude bermeotarrak. Zigortuak izan edo ez izan, ezer gertatuko ez balitz bezala lehiatuko dira Bartzelonan, Galizian zein bertoko uretan; helburu bera izaten jarraituko dute eta.
Orain artekoagaz, “gustura”
Egindako lan motagatik egiten ditu hausnarketak Salsamendik, «ez estropadetako emaitzengatik»; hala, liga aurretik jokatutako hiru estropadetan, entrenamenduetan zein elkartean egindako probetan ikusitagoaz «gustura» dago.
Hala, orain arte bezala, irabazten saiatzera joango dira estropada guztietara, nahiz eta jakin, «askotan hori ezinezkoa dela». Ligan zehar erregulartasuna izango da Urdaibaik bilatuko duena, eta, bide batez, irailera egoera onean iritsita, «Kontxako estropadan ahalik eta neurririk onena ematea» izango du xede.
Dena den, Salsamendiren arabera, liga osoan eta txapelketa guztietan ehuneko ehuna ematea «oso zaila» da; horretarako, arraunlarien txandaketaz baliatuko da. Beti talde bera mantenduta baterako lana errazagoa izan ohi da, baina txandatzeak, aldiz, denboraldi osoan gorenean izatea ahalbidetzen duela dio. Bere erronka, hortaz, arraunlarien aldaketak egitean goi maila mantentzea izango dela aitortu du.
Herriari eta zaletuei, bestalde, Bermeoko taldeak duen helburu bera menten dezaten eskatu die Salsamendik; «estropada guztietara lehiatzera joateko eta, batez ere, gozatzera joateko» deia egin die, «inongo istiluetan sartu barik». Horretarako, baina, domekara arte itxaron beharko dute herritarrek, orduan hasiko baitute 2014ko San Migel Liga Bartzelonako uretan: alegia, Euskadi Basque Country Bandera jokoan izango duten horretan.
ARRAUNLARIAK
- David Alfaya
- Gorka Aranberri
- Beñat Astelarra
- Eneko Bilbao
- Alain Colunga
- Jon Elortegi
- Iker Fernandez
- David Iglesias
- Carlos Mañas
- A.M. Montenegro
- Mikel Ojeda
- Jabier Polo
- Fernando Rua
- M.Angel Ruiz
- Jon Salsamendi
- L.A.Salvador
- Jon Unanue
- Jon Unzaga
- Eneko Van Horenbeke
- Oscar Viudez
- Iker Zabala
- Xabier Zulaika