
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, joan den zapatuan zabaldu zituzten hiru gune horiek. Hala, dagoeneko Aritzatxu hondartzaz, Arriboletaz eta Talapez gozatzeko aukera izango dute udako erabiltzaileek.
Neguko itsas denboraleek kalte handiak eragin zituzten Bermeon, eta hondartza guneetan ere kalteak larriak izan ziren. Idurre Bideguren alkateak azaldu duenez, “oraindik zenbait konponketa egin behar dituzte, baina, gutxienez, bainu eremuak erabilgarri izango dira”.
Egokitzapen lanak direla eta, esaterako, hondartzako kantina bota behar izan zuten, eta berori ez dute ordezkatuko 2015a arte. Hala, behin-behineko komunak eta sorosleen gunea jarriko dituzte. Aritzatxuko hondartzan ere, eskailera berria jarri dute, eta eguzkia hartzeko gune guztiak leundu dituzte.
Arriboletan, bestalde, bertara heltzeko dagoen bidea egokitu dute, beheko eremua leundu dute, eta laster egurrezko mahaiak jartzea aurreikusten dute. Amaitzeko, iturria eta konketa ere txukunduko dituzte, eta zabor edukiontziak jarriko dituzte. Talapen eskailera berria jarri behar izan dute.