
Atzo egin zuten Mundakako lehenengo Swim zeharkaldian 225 igerilari elkartu ziren. Ibon Salazarrek irabazi du , eta emakumezkoetan Magdalena Musonsek.
Salazarrek hogeita zazpi minutu ta berrogeita hamaika segundutan egin zituen Bermeo eta Mundaka arteko bi kilometro eta erdiak. Atzetik, Julen Olaso heldu zen, irabazlearengandik bost segundura. Hirugarrena Julen Zabalo izan zen, ibilbidea hogeita zortzi minutu eta hiru segundutan egin zuen.
Halaber, emakumezkoetan Magdalena Musonsek hogeita hamaika minutu eta berrogeita hamasei segundutan amaitu zuen proba. Lehia estua egon zen nesketan ere; Nerea Egia bigarren sailkatua Musonsengandik bi segundu eskasetara heldu baitzen helmugara. Hirugarrena Ainara Pacchetti izan zen.
Bestalde, Bermeo eta Mundakako lehen herritarrarentzako saria Andoni Begoña bermeotarrarentzat izan zen. Eta lehen mundakarraren saria Karlos Posadak eskuratu zuen.
Antolatzaileak pozik
Giro ezinhobea izan zuten domekan, eta antolatzaileak “oso pozik” daude. Arkaitz Gorostiagaren berbetan, ” eguraldi itzela egin zuen, itsasoa bare bare zegoen eta partaide eta ikusle asko batu ziren”. Izan ere, Mundakako portu ingurua jendez bete zen zeharkaldia ikusteko, eta askok barkuetatik jarraitu zuten proba. Antolakuntza zereginetan laguntzen ibili zirenei eskerrak eman dizkie Gorostiagak, eta zeharkaldia urtero egingo dutela jakinarazi du.