
Jazzber jaialdiaren aurkezpenaren momentu bat
Dagoeneko eman dituzte jakitera, Bermeoko Jazzber musika jaialdian joko duten taldeen zerrenda. Hain zuzen, Juan de Diego, Massimax Project eta Liya Grigoryan ariko da herriko hamazazpigarren jazzaldian.
Juan de Diegok uztailaren 2an joko du. De Diego Bartzelonan (Herrialde Katalanak) bizi den euskaldun tronpetajolea da, eta
Erbestea diskoko abestiak dakartza bertora. Horretarako, Llorenc Barcelo organistaren eta Dani Dominguez bateriaren laguntza izango du taula gainean. Jazz Groove aurreratua eta ausarta jotzen du taldeak antolatzaileen berbetan.
Uztailaren 3a, bestalde, Massimax Project taldeak bereganatuko du eskualdeko jazz zaleen arreta. Suedian eta Italian ibilbide luzea daukan taldea da Simon Berggren-ek (pianoa), Max Thornberg-ek (Kontrabaxua) eta Massimiliano Salinak (bateria) osatutakoa. Edertasun handiko doinuak lantzen dituzte, inprobisazioari ateak itxi barik.
Azkenik, uztailaren 4an, Liya Grigoryan hirukote armeniarrak joko du. Piano-jole armeniarrak hainbat sari jaso ditu dagoeneko, eta jazz munduko artista famatuenekin jo du. Grigoryan-ekin batera, Marco Zenini (kontrabaxua) eta Ivars Arutyunyans (bateria) ariko dira .
Bermeoko Kafe Antzokian izango dira Kontzertu guztiak, 20:30ean hasita.
Jam Sessiona
Bestalde, uztailaren 4an ere, ohiko
Jam Sessiona izango da Izaro Irish Pub-ean, 22:00etatik aurrera.