
Tabernatako terrazatan, Merkurio iturriaren inguruetan, Pasealekuko edozein txokotan, Astran… Gernika-Lumoko udal liburutegiak 80 liburu baino gehiago utzi ditu gaur kalean, herritarren eskura; «beraz, libururen bat aurkitzen baduzu: hartu, irakurri eta askatu», azaldu dute udal liburutegiko arduradunek.
Euskaraz zein gazteleraz idatzitako liburuak izan dira kaleetan herritarren eskura utzi dituztenak;gehienbat, eleberriak. Dena dela, haurrentzako liburuak eta poesia liburuak ere utzi dituztela jakinarazi dute, baita biografiaren bat ere.
Gernika-Lumoko udal liburutegiak herritarren esku utzi gura ditu liburu guzti horiek. Ekimen horrek helburu zehatz bat dauka, gainera: herritarren artean, udan ere, irakurzaletasuna bultzatu gura dute.