
Astra Iluntzeak egitasmoaren barruan, Bikustik musika taldeak kulturarako fabrika sozialean joko du, gaur. Hain zuzen, eguaztenetako iluntze musikatuei hasiera emango die Elgoibarko (Gipuzkoa) bikoteak. Ohi bezala, kontzertua Astrako terrazan izango da, eta jatekoa zein edatekoa izango da bildutakoentzat. 20:00etan hasiko da musika emanaldia.
Bikustik 2008ko maiatzean sortutako proiektua da. Rock musikaren klasikoak eta gaur egungo beste hainbat kantu modu akustikoan jotzen ditu bikotea. Jon Gurrutxaga (Jon & Sugramas, Arima Beltza, Uek) eta Patxi Zabaleta (Andrakan, Arima Beltza, Sinuose) dira bikotea osatzen duten musikariak. Bikustik-en Beatles, Led Zeppelin, Rainbow, Queen eta Creedence bezalako taldeen kantuak joko ditu emanaldian, besteak beste.