Hondartza denboraldian segurtasuna bermatzeko
https://www.youtube.com/watch?v=R5GO9JnpUwM
Zauriak, ebakiak, traumatismoak, medusen edo eltxoen ziztadak eta antzeko istripu zein ezbeharrei aurre egiten diete sorosleek hondartza denboraldian. Hondartzetako erabiltzaileen segurtasuna zaintzea eta bermatzea ere badira sorosleen zein hondartzainen zereginak. Eta horretarako dagozkien segurtasun neurriak hartzen dituzte.
Era berean normalean gertatzen ez diren istripu edo ezuzteko larriagoetarako ere prestatuta daude sorosleak. Eta egoera horietan denak behar den moduan funtzionatzen duela frogatzeko urtero simulazioak egiten dituzte Bizkaiko hondartzetan. Aurten Lagako hondartzan egin dituzte larrialdietako simulazioak. Bi motatakoak egin dituzte; bata norberaren segurtasunaren ingurukoa, eta bestea ingurumen arlokoa.
Lehenengoan sorosleak uretatik irten ezinik eta itotzen zegoen herritar bat ikusi eta berehala sartu dira uretara. Bata igerian heldu da, eta beste bat uretako motorrarekin hurreratu zaio. Bien artean moto gainera igo, eta hondarretan etzanda erreanimatu dute. Ostean sorospen lekura eraman eta ondo zegoela ziurtatu arte eduki dute han.
Beste simulazioan herritar batek hondarretan gasoliozko bi bidoi ikusi eta Sos Deiak-era deitu du horren berri emateko. Berehala, handik abisua pasa diete hondartzetako salbamentu eta sorospen zerbitzuei. Eta baita Ertzaintzari eta suhiltzaileei ere. Horiek lekura joan eta bidoi horiek zeudela baieztatu dutenean martxan ipini dituzte segurtasun neurriak. Lekua zinta batekin inguratu dute, bainua debekatzen duen bandera gorria ipini dute, bozgorailuetatik erabiltzaileak jakinaren gainean ipini dituzte. Berehala osasun eta ingurumen sailetako guardiako teknikoak heldu dira eta sorosle eta hondartzainekin batera frogatu dute bidoiek ez zutela inolako isurketarik. Behin kutsadura arriskurik eta ingurumenerako kalterik ez zegoela ziurtatuta bidoiak kendu dituzte hondartzetako garbiketa zerbitzuko ohiko baliabideekin.
Honelako simulazioen garrantzia nabarmendu du Koldo Larrazabal sorosleen koordinatzaileak: «Denontzako onuragarriak dira mota honetako simulazioak talde lanean denak behar den moduan funtzionatzen duela ziurtatzen dugulako». Larrazabalek azaldu du udan zehar eguraldiak laguntzen ez duenean eta hondartzak hutsik daudenean sorosleek euren kabuz egiten dituztela larrialdi simulazioak. «Benetako kasuak daudenean preparatuta egoteko eta dena behar den moduan egiteko».
Hain zuzen ere, aurreikusitako moduan joan da guztia. Simulazioa arazorik barik eta larrialdietako protokoloa betez egin dute. Eusko Jaurlaritzako segurtasun, osasun eta ingurumen sailek, Bizkaiko Foru Aldundiko ingurumen sailak eta salbamentu, sorospen, bilketa eta garbiketa zerbitzuek, Gurutze Gorriak eta Ibarrangeluko Udalak elkarlanean egin dute simulazioa. Maria Uribe Aldundiko Ingurumen zuzendariaren berbetan, «administrazio guztien koordinazioa bermatuta dagoela frogatu da eta ondo irten da simulazioa».


