
Zonaldea hesitu zuten atzo, eta gaur desaktibatu behar dituzte leherkariak
Atzo Laga hondartzan agertutako bost leherkariak
Esperanza y Cia enpresarenak direla jakinarazi du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak. Hain justu, bere garaian Markina-Xemeingo lantegian ekoiztu zituzten bonba horiek. Enpresak 1920ko hamarkadan zabaldu zituen ateak, eta 1994an zarratu zuten.
Alkateak azaldu duenez, Esperanza y Cia enpresak munizio probak egiten zituen Lagan, 70. hamarkadan. Hala, bonba horiek garai horretakoak dira. Salaketa baten ostean, udaletxeak praktika horiek galazotzea lortu zuen.
Leherkariak 14:15 aldera aurkitu zituzten, itsasbeherak ageria utzi zituelako. Ziluagak dioenez, itsas denborale gogorren eraginez, aurten gehiago geratu dira agerian, baina urtero agertzen da leherkariren bat. Orain arte, bat bera ere ez zegoen eztanda egiteko moduan.
Lagan agertutako leherkarien ondorioz, Ertzaintzak hondartzako eremu bat hesitu zuen, ezbeharrak ekiditeko asmoz. Ziluagak azaldu duenez, gaur desaktibatu behar dituzte leherkariak.
Ziluagaren berbetan, ezin dira 36ko gerrako leherkariak izan, orduko hartan Ibarrangeluko Armendu mendian jaurti baitzituzten bonbak.