
Karmelo Landa, Lekeition egin zuten Libre egunaren aurkezpenean
26/11 sumarioan epaitutako 40 gazteen absoluzioa agindu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta berri ona eta pozgarria dela esan zuen Ezker Abertzaleko kide Karmelo Landa eatarrak: “Epai horrek konfiantza ematen digu”. 35/02 sumarioan auzipetu dute Landa, eta, haren ustez, gazte independentisten kasuan hartutako erabakiak gainontzeko sumarioetan ere eragina izan dezake, «baita gurean ere». Beraz, irekita dauden sumario guztiak ixteko aurrekaria izan beharko litzatekeela dio, «behingoz Euskal Herrian askatasunari eta bakeari bide emateko».
Gainera, gazte independentisten kontrako auzian tribunalak atzo jakitera eman zuen erabakia “Euskal Herriak erakutsi duen elkartasunaren eta borrokaren ondorio zuzena da, Landaren esanetan; eta euskal herritarrek erakutsi duten mobilizaziorako ahalmena izugarria izan dela.
Bizkaian EH Bilduren bozeramale den Maribi Ugartebururen esanetan, epaiketa guztiz politikoa eta antidemokratikoa izan da, eta espero zitekeen sententzia bakarra auzipetuak libre uztearena zen. Epai hori aurrera jarraitzeko baliatu beharko luke gizarteak, Ugarteburuen ustez.
Hala ere, euskal herritarren kontrako epaiketa politikoak ugariak izan direla gogoratu du, eta, dioenez, Espainiako estatuak ez du beti logika demokratiko eta juridiko bera erabiltzen. Hori dela eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo jakitera eman zuen erabakiak oraindik zabalik dauden gainontzeko epaiketa politikoengan eraginik izango duen esaterik ez dagoela uste du EH Bildukoak, «Espainiako Estatuak unean uneko interes politikoen arabera jokatzen duelako». 35/02 sumarioko epaiketan argi geratu zen deliturik gabeko eta frogarik gabeko epaiketa zela, «ebidentzia bakarra zen auzipetutako pertsona horien ibilbide politikoa, eta inor ez lukete horregatik zigortu beharko. Libre uzteko erabakia da guk onartuko dugun sententzia bakarra, baina ezin jakin zer gertatuko den». Sententziak sententzia, lanean jarraituko dutela esan du Ugarteburuk, «herriaren normalizazio demokratikoaren alde, eta epaiketa politikoei aurre eginez».
Inkomunikazio aldia eztabaidagai
Atzo absolbitu zituzten gazteen artean dira Gaizka Likona eta Zurine Gojenola lekeitiarrak. Guztiak absolbitzea ez zuen espero ez batak ezta besteak ere; hala ere, pozik hartu dute Auzitegi Nazionalaren ebazpena. «Gure inpresioak ez ziren onak, denok libre geratuko ginenik ez genuen inork espero. Alde horretatik sorpresa bat izan da. Oso pozik nago», zioen Likonak atzo. Gojenolak, bestalde, 40 gazteen absoluzioa “lorpen bat” izan dela esan zuen: “Gatazkaren konponbidea herritarron esku dagoela sinistuta nago; ea pausoak ematen jarraitzen dugun”.
Urritik otsailera Madrilen egin zuten epaiketa horretan gazteek polizien aurrean egindako deklarazioak zalantzan jarri zituen fiskalak berak ere; baita tortura salaketak ikertzeko auzitegiek egindako lana. Atzo kaleratutako sententziak ere tortura kasuak aipatu ditu. Tribunalak ez ditu ontzat hartu gazteek poliziaren aurrean egindako deklarazioak, eta zalantzan jartzen du deklarazio horiek askatasun osoz egin zituztenik.