
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo arratsaldean atxilotu zuten 27 urteko gizonezkoa, ustez emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta.
Ertzaintzak martitzenean izan zuen erasoaren berri, emakumeak berak Gernika-Lumoko Ertzain Etxean salaketa jarri ostean. Erasotutako emakumeak jakinarazi zienez, 22:00ak aldera izan zen erasoa, lanetik etxera joan behar zuenean. Lanetik irtendakoan ezagun batek etxera eramateko gonbitea egin zion emakumeari, eta berau kotxe barrura sartu zen. Lehenago ere, gizonezko horregaz joandakoa da neska.
Etxerantza zihoazela gidariak Muruetan geratu zuen kotxea, emakumea erasotzeko asmoz. Atxilotua emakumearen gainera bota zen, baina azken horrek alde egitea lortu zuen, korrika ihes eginez. Inguruko taberna baten eskatu zuen laguntza.
Ustezko erasotzailea aurkitzen ez zutela eta, Ertzaintza telefonoz jarri zen harremanetan gizonezkoagaz. Ez zuen azalpenik eman, eta atzo atxilotu zuten.
2014ko hirugarren erasoa
2014a kontuan hartuz gero, aste hontakoa emakumeen kontrako hirugarren erasoa izan da Busturialdean. Urtarrilaren amaieran beste eraso bat salatu zuten bermeotarrek, eta apirilaren 29an orain arte azkenengoa zena. Hori ere, Bermeon.
Ustezko eraso hori salatzeko Gernika-Lumoko
Eraso Sexistei Stop! plataformak elkarretaratzea egingo du bihar Gernika-Lumon. Horretarako, Merkurio iturri parean bilduko dira 19:30ean.