
Mugikor eta tabletetan erabiltzeko aplikazio berria du Bakearen Museoak
Mugikorretan eta tabletetan erabiltzeko balio du aplikazio berriak, eta ez du deskargarik behar.
www.museodelapaz.org/movil helbidera sartuta, Gernika-Lumoko Bakearen Museoari buruzko informazioa eta erakusten diren erakusketei buruzkoa izango dute museoaren bisitariek. Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok eta Hezkuntza eta sare sozialetako arduradun Idoia Orbek aurkeztu dute aplikazio berria, berau garatu duten bi enpresetako ordezkariekin batera.
Azaldu dutenez, testu gutxi eta irudi asko ditu aplikazioak, erabiltzaileei informazioa begiratu batean emateko. Argazkiek, marrazkiek eta bideoek emango dute museoaren berri, solairuz solari edo salaz salaz; azken kasu horretan, sala bakoitzeko erakusketaren informazioa emango du gida batek, bideo labur batean. Gainera, museoak berak wifi zerbitzua du; beraz, museoa bera aplikazioa erabilita bisitatzeko aukerak eskura ematen ditu. Gainera, bai musoearen atarian zein sala bakoitzean QR kodeak ipini dituzte. Atarian dagoenak museoaren informazio orokorra emango dio bisitariari; eta gelen sarreretan dauden QR kodeen bitartez sala horrek erakusten duenari buruz jakin ahal izango dute bisitariek.
Eusko Jaurlaritzaren Bakea eta Bizikidetzaren idazkaritzak emandako diru laguntza bati esker garatu ahal izan du Gernika-Lumoko Bakearen Museoak aplikazioa.