[Elkarrizketaren aurrerapena]
Lehenengo liburua argitaratu zuenetik sei hilabete igaro direnean, AlaineAgirrek (Bermeo, 1990) lan berria dakar:
Letra txarra daukat, eta zer?. Aurrekoaren antzera, haur literatura dakar esku artera oraingoan ere; gainera, bigarren parte bat ere izango duela aurreratu du. Azken lan hori kaleratu ostean, hurrengoak zeintzuk izango diren ere kontatu dio Hitzari.
Zenbatgarren lana da kaleratu berri duzuna?
Lehenengo liburua joan den azaroan kaleratu nuen: Nire Potxolina maitea. Letra txarra daukat, eta zer? ,aldiz, bigarren lana da. Horiek argitaratutakoak dira. Hala ere, beste hainbat lan ditut maleta baten barruan.
Zer kontatzen du bigarren lan horrek?
Mutiltxo baten istorioa kontatzen du; oso isila da bera, lotsatia eta barnerakoia. Berak dio artista dela, baina letra txarra dauka. Ez da horretaz lotsatzen, baina horri lotuta, zenbait abentura bizi ditu; bere bizitzako amodioa galtzeko zorian da, esaterako. Eraikin bereko igogailuan elkar ezagutzen dute Martinak eta protagonistak, eta maitemindu egiten dira; horrela, gutun bat idazten dio neskari, baina letra txarraren ondorioz, Martinak ez du gutun hori ulertzen. Hortik hasten dira benetako abenturak.
Lan horrek badu eskaintza bat ere?
Letra txarra daukat, eta zer? liburua Bermeoko Ibontxuren familia guztiari –minbiziagaz zendutako mutiltxoaren familia– eskainita dago, benetako maitasun iraultza bat egin dutelako.
Irudimenak ez eze, errealitateak ere izaten al du lekua zure ipuinetan?
Guztiek pentsatzen dute idazleak bere bizitzari buruz idazten duela; batzuetan izaten dira zertzelada batzuk, baina beste askotan ez. Nire ustez, hori da politena: irudimena aske utzi eta horrek dakartzan ideiak. Irudimenarekin jolasten dut, eta horregaz batera, errealitate momentu batzuk ere sartzen ditut. Beharbada, nire errealitatea ez direnak, baina bai beste batenak.
Bigarren parte bat ere izango du lan berri honek.
Goiz batean esnatu eta Martinaren ikuspuntua kontatzea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen. Hala, duela hilabete bat idatzi nuen, eta datorren urteran kaleratzeko asmoa daukat. Bigarren lan horrek ere Jokin Mitxelena marrazkilari bikainaren irudiak bilduko ditu, Letra txarra daukat, eta zer? liburuan bezala.
Liburuak idazten dituzu, baina ez duzu zure burua idazletzat. Ikasten ere ari zara. Nola moldatzen zara gauza biak tartekatzeko?
Euskal Filologia ikasketak egiten nabil, eta bigarren hiruhilabetekoan, esaterako, ikasgai gutxiago hartu ahal izan ditut. Ni ere ez naiz denetara heltzen; are gehiago, ez dut ailegatu nahi, hori zorakeria baita.
Hala eta guztiz ere, ikasketekin aurrera darraizu.
Bai, nik argi daukat ikasketak bukatu nahi ditudala, eta ahal den heinean, horri lotutako lana eduki nahi dudala. Idazteagaz gozatu gura dut, orain arte bezala jarraitu nahi dut, bizia ematen baitit, osasuna ematen baitit… Nire lanbidea eduki eta, era berean, nire zaletasunekin jarraitu nahi dut. Gainera, azkenaldian asko idatzi dudan arren, uste dut aurrerantzean ez dudala hainbeste idatziko. Orain artekoarekin asetuta nago, gustura. Oso oso gustura aritu naiz urte honetan, baina, zoritxarrez, beti ez dator inspirazioa, beti ez daude ideiak… Lasaitzeko denbora hartu dut niretzat, baina, egia esan, idazteko irrikaz nago berriro.