
Espainiako estatu mailan zazpi mirari naturalak izendatzeko lehiaketa abiatu zuten maiatzaren 28an; ordutik ekainaren 8ra bitartean, herritarrak botoa ematen aritu dira, eta horien artean nagusitu dira Gaztelugatxeko San Juan (Bermeo, Bizkaia), Somiedoko parke naturala (Asturias, Espainia) eta Cabo de Gatako parke naturala (Almeria, Espainia), hurrenez hurren.
Guztira, 20 toki naturalek parte hartu dute lehiaketan, eta guztien artean Gaztelugatxek jaso ditu boto gehien. Iaz ere goreneko postuetan egotea lortu zuen Gaztelugatxek, landa-mirarien artean hirugarren sailkatu baitzen, botoen %8,9 jasota: 3.798 boto.
Gaztelugatxe Bizkaiko kostaldean, Bermeon, kokatuta dagoen arrokazko uhartetxo bat da, eta bertara itsaso gainetik igarotzen den zubi bat pasatuz iritsi daiteke. Uhartetxoaren goikaldean Gaztelugatxeko Doniene baseliza dago; horra ailegatzeko, baina, 231 eskailera igo behar dira.