
Basurtoko Beti Jai-Alai taldearen dantza saioarekin hasiko dira Ibarrangeluko Gorpuzti jaiak, zapatuan (ekainak 14). Emanaldia frontoian egingo dute 20:00etan hasita.
Bestalde, eguenean (hilaren 19a) ospatuko dute Gorpuzti eguna. 12:00etan meza santua egingo dute San Andres elizan. Ostean trikitixarekin lagunduta tabernaz taberna ibiliko dira. Hurrengo egunean 20:00etan udaletxetik txupina botako dute, jaiei hasiera ofiziala emanez. Segituan herriko trikitixa taldekoek saioa egingo dute. 20:30ean bertso txikiteoa egingo dute Xabi Enbeita, Onintza Enbeita eta Beñat Ugartetxea bertsolariekin. Gauean Gailur taldearen kontzertua eta Joxparen erromeria egingo dituzte.
Zapatuan, hilaren 21ean Herri bazkaria egingo dute frontoian. Hamabost euroko menua ipini dute eta txartelak udaletxean erosi behar dira aste honetan. Bazkarira baserritarrez jantzita joateko dei egin dute antolatzaileek. Arratsaldean Obietaren erromeriarekin kantuan eta dantzan ibiliko dira, eta horrela segituko dute iluntzeko euskal erromerian. 22:30etik aurrera
Skakettan,
Governors eta
Morphinapous taldeen kontzertuak egongo dira Elexaldeko aparkalekuan. Horiek amaitzean, Urrats erromeriarekin goizalderarte dantzan ibiliko dira. Hurrengo egunean goizez txistularien diana, meza nagusia eta Lorea umeen dantza taldekoen emanaldia egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, umeen jolasak egingo dituzte 17:00etan hasita.
Ekainaren azken astebururako paella txapelketa prestatu dute. Zapatuan 12:00etan eman beharko da izena, eta 14:00etan izango da paellen aurkezpena. Arratsaldean, ostera, esku pilota eta pala partiduak jokatuko dituzte. Bestalde, domekan mendi martxa egingo dute Ibarrangelu inguruetatik.