
Totorikaguenako langileak, protestan
Langabezian dira Gernika-Lumoko Totorikaguena enpresako langileak, eta kontratuak eteteko txostenari buruzko erabakia hartu beharko du orain epaileak. Txosten horri helegitea jarri zion ELAk, forma-akatsak argudiatuta; ekainaren 24an egingo dute epaiketa, EAEko Auzitegi Nagusian. «Ez dakigu zer gertatuko den, baina gutxienez gustatuko litzaiguke epaileak langileei arrazoia ematea eta enpresak gauzak txarto egin dituela onartzea», azaldu du Busturialdean ELAren arduraduna den Gotzon Basarasek.
Ez dakigu zer gertatuko den, baina gustatuko litzaiguke gutxienez epaileak langileei arrazoa ematea eta enpresak gauzak txarto egin dituela onartzea”
Dendak zarratzeko prozesu horretan enpresak gauza asko txarto egin dituela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Lan Ikuskaritzak ere isunak ipini dizkio enpresari. Langileen ordezkariak behargin konkretu baten kasua aipatu du: «1992. urtetik hona aldi baterako kontratuekin izan da lanean, 1982. urtetik 1992. urtera kontratu mugagabea izan zuen arren». Kasu horretan enpresak hutsegite larria egin zuela esan zuen Lan Ikuskaritzak.
Soldatak eta aparteko lansariak zorrean
Epaiketaren zain, eta enpresak beharginei zor zizkien oporrak igarota, langabezia saria eskatzeko aukera izan dute langile gehienek. Kaleratze gutunak hartu zituzten Totorikaguenako langileek maiatzaren 27an, baina azken nominarik ezta kitapenik ere ez dute jaso. Zor dizkieten soldatak eta kitapena bera ere epaitegian erreklamatu ditu ELAk. Horrez gain, langileek eurek ere banakako erreklamazioak egin dituztela zehaztu du Basarasek. 2013ko ekaineko eta abenduko aparteko lansariak eta 2014ko bi soldata zor dizkie enpresak langileei. «Ez dugu ahaztu behar, gainera, 2014ari zegokion KPIaren igoera ez zutela aplikatu».