
Paella txapelketa, Gazte Egunean
Muxikako gazteek abiada hartu dute dagoeneko, eta lehenengoz Gazte Eguna antolatu zutenetik bost urte joan dira dagoeneko. Egun hori erreferente bihurtu dela dio Erdu Gazte Asanbladak, ez bakarrik Muxikan, inguruko herrietan ere. Urte osoko lanaren emaitza hartuko dute zapatuan, eta aurten egitarau osotuagoa dakartela diote: “Umeentzako puzgarriak ipiniko ditugu arratsalde partean, eta, oraindik iragarri ez dugun arren, batukada ere izango da iluntzeko poteoan”.
Muxikako San Roman auzoan egiten duten Gazte Egunak, gainera, badu zerbait berezia. Gazteentzako antolatutako eguna izan arren, adin guztietako jendea batzen dela: “Gazteak bakarrik ez, gurasoak, umeak, helduak, gazteak.. denak han batzen gara”. Eta parte hartzea ere urterik urte handituz doala diote: “Lehenengo urtean 4-5 kazola aurkeztu zituzten paella txapelketara; iaz 16 izan ziren”.
Goizetik gauera
11:30etik aurrera eman daiteke izena paella txapelketan parte harzeko, eta koadrilla bakoitzak arroza egiteko bere osagaiak eroan beharko ditu. Dantza saioa, bertso bazkaria, koadrillen arteko olinpiadak, mus txapelkea… Eta, zelan ez, kontzertuak gauean. “Urtero legez, Sarkor gernikarrak izango dira taula gainean, eta horiekin batera Betagarri taldea izango da aurten”. Ostean, gaua luzatzeko, Dantzaldirekin erromeria izango da San Romanen.