
Beste urte batez, leku desberdinetatik etorritako motorzaleek hitzordu berezia izango dute Bermeon; izan ere, Izaro Bikers Bermeoko motorzaleen elkarteak V. Magurios Topaketak antolatu ditu astebururako.
Barikuan emango diete hasiera topaketei eta hiru egunetako egitaraua izango dute aurretik. Moto gainean zein mototik jaitsita, ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Aurreko urteko apustuagaz jarraituta, aurten ere nagusientzako ez ezik, umeentzako ekintzak ere izango dira aipatu egun horietan.
Kanpatzeko aukera
Hainbat dira urtero kanpotik Bermeora hurbiltzen diren motorzaleeak eta horiek kanpatzeko aukera ere izango dute, bariku iluntzean zabalduko baitute kanpaldirako gunea.
Zapatuan egingo dituzte ekintza gehienak; hala nola, motoekin egiteko ibilbideak, kontzertuak, jokoak eta bazkaria egongo dira aukeran. Hurrengo egunean, gainera, Emilio Zamora akobratak moto gainean duen abilzeia eta oreka erakutsiko ditu.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «jai giroan antolatutako jardunalddiak» ekarriko dituzte asteburuan; horien bitartez, herriko zein kanpotik etorritako motorzaleek goza dezaten eta zaletasuna elkarrekin partekatu dezaten».
Topaketetan parte hartu gura duten motorzaleek, izena eman beharko dute 15 euro ordainduta. Prezio horren barruan bi egunetako otorduak sartzen dira, eta baita kanpaldia ere.
EGITARAUA
Ekainak 13, barikua
20:00etan. Txosna eta kanpaldirako gunea irekiko dute. Baratxuri sopa eskainiko dute.
Ekainak 14, zapatua
10:00etan. Izena emoteko epea zabalduko dute.
12:00etatik 13:00etara. Motoekin ibilbidea egingo dute.
12:00etatik 14:00etara. Txikienentzako jokoak egingo dituzte.
14:30ean. Izena emon dutenentzako bazkaria.
16:00etatik 18:00etara. Motoekin ibilbidea egingo dute.
17:00etatik 19:00etara. Umeentzako jokoak izango dira.
18:30etik 20:00etara. Motorzaleentzako jokoak egingo dituzte.
20:00etan. Kontzertuak.
23:00etatik 23:30era. Argi-zuziekin ibilbidea motoetan, herritik.
00:00etatik 03:00etara. DJ Oihan Vega rekin diskofesta.
Ekainak 15, domeka
08:00etatik 09:30era. Parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute.
09:00etatik 10:00etara. Izena emon dutenentzako gosaria.
11:00etatik 12:00etara. Motoekin ibilbidea egingo dute.
13:00etatik 14:00etara. Emilio Zamora moto akrobataren erakustaldia.
14:30ean. Izena emon dutenentzako bazkaria.
15:00etan. Agurra.