
Gernika-Lumoko Kultur Etxean bi erakusketa mota izango dira ikusgai, barikura arte. Alde batetik, jaietako kartel lehiaketan parte hartu duten lanak izango dira ikusgai. Aurten zortzi lan aurkeztu dituzte bertoko biztanleek. Jakinarazi dutenez, jaietako kartel iragarlea barikuan bertan aukeratuko dute. Hain zuzen, 18:30ak aldera emango dute jakitera 2014ko irabazlea nor izango den. Kultur etxean bertan egingo dute aukeraketa.
Bestalde, Arteskolako ikasleen pintura lanak ere daude ikusgai eraikineko erakusketa gelan. Bigarren erakusketa horrek gernikarrek 2013-2014 ikasturtean egindako 38 lan batzen ditu. Kultur Etxeko ordezkariek azaldu dutenez, “urtetik-urtera maila hobea dute herriko artista amateurrek, eta erakusketan argi nabari daiteke hori”.

Arteskolakoen erakusketan mota guztietako margolanak ikusi ditzakete interesatuek, barikura arte. Dena den, datorren martitzenetik aurrera ere eskola horretako ikasleak izango dira protagonista kultur etxean. Hain zuzen, esku-lanak, buztin lanak, bitxiak, argazkiak, eta joskntza lanak izango dira ikusgai, martitzenetik hilaren 30era arte