
Bilduk ez duela Bermeoko saihesbidearen eta herriaren arteko lotura bermatuko duen kalea egiteko borondaterik salatu du EAJk. Hala, gai hori landuko lukeen lan-taldea eratzeko eskatu diote jeltzaleek, beste behin ere, udal gobernuari, eta, era berean, «ezatabaida politikoa alde batera utzita, lanerako borondatea» erakutsi dezan ere eskatu dio.
Jeltzaleek kale hori eraikitzea «nahitaezkoa» dela iritzita, ezatabaida politikoak daihestu eta burubelarri jarduteko garaia zela pentsatu zuten urte hasieran; hala, alderdi politiko bietako eta udaleko teknikariez osatutako lan-taldea sortzea proposatu zuten urtarrileko osoko bilkuran. Helburua bakarra zen jeltzaleen arabera: «arazoari irtenbidea ematea».
Hala ere, eskatzen zuten lan-talde hori ez dela oraindik eratu kritikatu dute: «batzar bakar bat egin zen eta berori ere guztiz informala; ez zen ez dokumentaziorik ez aktarik mahai gainean jarri».
Gauzak horrela, denborak aurrera egin duela eta gai horretan ez dela aurrerapausorik eman esan du EAJk. «Arazoak mahai gainean jarraitzen du; nahiz eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak kale hori eraikitzearen konpetentzia udalarena dela argi utzi, eta EAJk udeatzeko lehen urratsak ematen hasteko behin eta berriz eskatu, Bilduk ez du irtenbidea bilatzeko pauso bat ere eman», kritikatu dute.
Hala, kale hori egiteko ardura udalak aldundiaren esku uzten duela ere salatu du; dena den, «lehenengo pausoak udalak berak eman behar» dituela argi du. Halaber, saihesbidea eta herriaren arteko lotura hori aldundiak egin ezean, herritarrak hori barik geratuko direla uste du alderdi jeltzaleak.
Udal gobernuaren borondatea
Udal gobernuak, bere aldetik, «borondate osoa» erakutsi du bere esku dagoen guztia egiteko eta saihesbideko Bermeorako sarbidea edukitzeko. Hori posible izan daitene, 2011az geroztik lanean dabilela nabarmendu du. Bizkaiko Foru Aldundiarekin, esaterako, lotura hori esakatzeko eta sarbidea egiteko udalaren partetik laguntza guztia eskaintzeko hainbat batzar izan dituztela gogora ekarri du. Horietan guztietan, baina, «ezetza» jaso dutela azaldu dute.
Bermeoko Udalak gai horretan pausoak eman dituela azpimarratu du; «Udal gobernua hiru teknikorekin joan da aldundira eta errepartzelazioa egitea proposatu zioten aldundiari; hartara, azken horrek sarbidea egin zezan. Hala ere, proposamen horren aurrean, aldundiak ez zuela konpromisorik hartu nahi azaldu du udalak.
Udal Gobernuaren ustetan, sarbiderik bako saihesbide batek ez ditu herriko trafiko arazoak konpontzen; horregatik, eta irtenbide orokorrik ez emateko, aldundiak saihesbidea egiteko gastatutako 50 milioi euroak ez dutela zentzu askorik uste du.
Bestalde, azkenaldian eztabaida politikoa eragiten ibili izanaz salatu du Bilduk EAJ; gainera, herrian mugimendu bat sortu arte –Bermeo Bizirik taldea– jeltzaleak isil-isilik egon direla esan du koalizioak. Hala, Udal Gobernuaren kontra aritu beharrean, «aldundiari herriarentzako hain garrantzitsua den sarbidea egitea exijitzeko» eskatu dio EAJri. «Izan ere, badirudi bermeotarron ordezkari izan beharrean, aldundiarenak direla, azken horiek geiten duten guztia babesten baitute, nahiz eta bermeotarron eskubideen kontrakoa izan».