
Beldur ziren antolatzaileak, baina kezka guztiak uxatu dituzte. Bariku gauean eman zioten hasiera Ska Egunaren egitarauari, eta domeka goizaldera arte luzatu dute aurten jaia. Balorazio positiboa egin du Gerniska Rudelari Taldeak, alde batetik, zapaturako egun osoko egitaraua prestatu eta jende asko batu zelako; eta, beste alde batetik, astebururako antolatuta zeuden ekitaldi guztiak kontuan izanda, Ska Egunean askok parte hartu dutelako.
Massive Sound saioa egin zuten barikuan, Zeppelin tabernan, eta giroa apurka-apurka berotzea lortu zuten; 30 lagun inguru batu ziren. Hala ere, zapatukoa zen egun handia, eta, eguerditik hasita, Gernika-Lumoko kaleak hartu zituzten Rudelariek. Hogei bat lagunek hasi zuten poteoa, baina lagun kuadrilla handituz joan zen bazkalordua heldu heinean. 15:00etan ipini zuten ordua, Astran, eta ordurako 45 ziren poteatzen ari ziren lagunak, Akatz eta Smooth Beans taldeetako kideak eta Lutxo Perez idazlea ere tartean zirela.
Liburu aurkezpen musikatua

Mahaia Astrako terrazara atera eta han bazkaldu zuten; “giro oso ona eta hurbilekoa nabarmendu zen bazkarian”, antolatzaileek esan dutenez.
Bazkalostea egin eta gero, Catarsis Rocksteady liburua aurkeztu zuen Lutxo Perez idazle eta kazetariak. Argazkien proiekzioarekin hasi zuten ekitaldia, eta ondoren egin zuten liburuaren aurkezpena, musikarekin lagunduta. “Han bildutakoek ere parte hartu zuten, eta Perezek berak ere publikoaren hurbiltasuna eskertu zuen”.
Smooth Beans eta Akatz
Gauean batu zen jende kopururik handiena, Astrako kontzertuetan. Kantabriatik heldutako Smooth Beans taldeak euren maisutasuna erakutsi zuen Gernika-Lumon ere, bere jarraitzaileen gozamenerako. Ostean, Ska Egun guztietan izan den Bakioko Akatz taldeak zarratu zuen emanaldia. “Dagoeneko etxeko sentitzen dira Rudelari egunean”, gehitu dute. Kontzertuetako azkenengo kantan, gainera, ohiturari jarraitu eta beraiek egindako vespak eta kotxetxoa igo zituzten Rudelariek agertokira.
DJ Baltzek zarratu zuen eguneko egitaraua, Ospa tabernan.