Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, epe laburrean hasiko dituzte San Martin auzoko bigarren eraikineko lanak, kontratu luzapen baten bitartez adjudikatu baitizkiote lanok Ganeko enpresari. «Erabaki judizialak betetzea, lotuta dagoen aktibo bat desblokeatzea eta aurrera begiratzea» dira udalaren helburuak. Hori horrela, hurrengo pausoa etxebizitza babestuak esleitzea izango litzatekela azaldu du.
Orduko hartan epaileak gelditutako obra «bideratuta», hurrengo hilabeteotan amaitutzat ematea espero du udalak. Hain zuzen, bederatzi hilabetetan lanak bukatuta egotea da asmoa; ondoren, 36 etxebizitza esleitu ahal izateko.
Bermeoko alkateak azaldu duenez, «udal gobernuak ahalegin handia egin du San Martineko etxebizitzen egoera ahalik eta hoberen konpontzeko»; izan ere, etxebizitza horien arazoak «2 milioi eurotako kostu gehigarria» suposatu du udalarentzat zein herritarrentzat. Dena den, udalera heldu bezain pronto, egoeraz jabetu eta berau aztertzeari eta konponbide egokienak bilatzeari ekin diotela gaineratu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak. Udalak berak zein Berualak «lan gogorra» egin dutela aipatu du eta «erantzunkizunez» jokatzen ari dela azpimarratu du.
Berualaren egoera konkurtsala eta kontuen bahiketa ekiditzeko, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara jo dutela gogora ekarri du. Aldundiak emandako maileguaren bitartez, gainera, Ganeko enpresagaz izandako zorra ordaindu ahal izan dute.
Alkateak azaldu legez, San Martineko blokearen proiektuak udalaren lizentzia eta Jaurlaritzaren Babes Ofizialeko kalifikazioa lortu ditu; hala, etxebizitza babestuak esleitzeko prozedurak arintzen edota alokairu sozialean esleitzeko aukerak aztertzen dabil gaur egun udala Jaurlaritzagaz.
EAJ, Bildugaz kritiko
EAJk, bere aldetik, Bermeoko Udal Gobernuaren jarrera salatu du, «herriaren interesak defendatu ordez, enpresa pribatu bategaz akorduetara heltzea hobetsi» duela kritikatuz.
2012. urtean Bilduk San Martineko bigarren eraikin hori erregulatzen zuen kota-legea aldatzea erabaki zuela gogora ekarri dute jeltzaleek; horrela, eraikinaren eraispena posible eginez. EAJren arabera, gainera, orduko hartan udal teknikariek lege hori aldatzea Bilduren erabaki politikoa izan zela adierazi zuten, erabaki edo gomendio teknikoa barik.
Herria, «galtzaile bakarra»
Horregatik, jeltzaleek uste dute Bilduren aldetik, interes politiko eta pribatuak gailendu direla, «herritarren interesak albo batean utzita». Gauzak horrela, Bildu egoera horretako «benetako garaile» atera dela deritzo EAJk, «Ibarretas XXI enpresa tresnatzat erabilita, EAJren aurkako kanpaina garatuta». Era berean, Bermeoko herria dela «galtzaile bakarra» gaineratu dute.